Vueltaren hasiera
Vingegaard da Vuelta irabazteko hautagai nagusia, eta Almeida eta Ayuso haren aurkari arriskutsuenak
Agentziak | EITB Media
Vuelta Turinen abiatuko da larunbatean, eta Jonas Vingegaard da garaipena lortzeko faborito nagusia. Tadej Pogacarren faltan, Joao Almeida eta Juan Ayuso izango dira UAE taldearen liderrak.
Jonas Vingegaard, Vueltan parte hartuko duten taldeen aurkezpenan. EFE
Espainiako Vueltaren 80. edizioa Turinen hasiko da larunbatean. Tadej Pogacar munduko txirrindularirik onena ez da irteeran izango, eta, horrenbestez, Jonas Vingegaard Vismako txirrindulari danimarkarra da irailaren 1ean Madrilera maillot gorriarekin heltzeko hautagai nagusia.
UAE taldean, berriz, Joao Almeida portugaldarra eta Juan Ayuso katalana izango dira liderrak, errepideak bakoitza bere lekuan jarri arte, behintzat.
"Irabaztera etorri naiz", esan zuen Vingegaardek aurkezpenean. Hirugarren aldiz hartuko du parte Vueltan, eta aurreko bietan bere taldekideak izan ziren garaile: Primoz Roglic, 2020an, eta Sepp Kuss, 2023an.
Inork ez du zalantzan jartzen Vingegaard dela garaipena lortzeko faborito nagusia. Gainera, talde sendoa izango du horretarako, besteak beste, Kuss, Matteo Jorgenson eta Victor Campenaerts izango baititu ondoan laguntzeko.
Tourrean UAE izan da jaun eta jabe, Pogacarri esker. Vueltan, baina, oposizioan egotea tokatuko zaio. Almeida saiatuko da Vingegaardi garaipena lehiatzen. Txirrindulari portugaldarrak Itzulia, Suitzako Tourra eta Romandiako Tourra irabazi ditu denboraldi honetan. Frantziako Tourrean, berriz, erorikoa izan zuen, eta etxerako bidea hartu behar izan zuen bederatzigarren etapan.
"Ez daukat beldurrik", adierazi zuen Almeidak, Paris-Nizan Vingengaardi irabazi ziola gogora ekarrita. Hasiera batean, Juan Ayusorekin partekatuko du taldearen lidertza. Edonola ere, Bartzelonako txirrindulariak ez du Vuelta behar bezala prestatu, eta Italiako Giroan erretiratu egin zen.
2022ko edizioan hirugarren bukatu zuen, baina aurten zalantza asko eragin ditu Ayusok. "Ondo banago, sailkapen nagusia lehiatuko dut; bestela, Joao Almeidari lagunduko diot", esan zuen aurkezpen ekitaldian.
Joao Almeida eta Juan Ayuso, Vueltan parte hartuko duten taldeen aurkezpenean. EFE
Bestalde, Mikel Landa (Soudal Quick Step) ere izango da Vueltan, Italiako Giroan izan zuen erorikoak eragin zion lesio larria gainditu eta gero. Txirrindulari arabarra izango da bere taldeko liderra, baina prestakuntza nahikorik gabe iritsi da, eta, ondorioz, etapa bat irabaztea izango du helburu nagusi.
Giulio Ciccone (Lidl Trek), Ben O'Connor (Jayco), Egan Bernal (Ineos), Thomas Pidcock (Q36.5) eta Antonio Tiberi (Bahrain) dira sailkapen nagusiko lehen hamarren artean egoteko aukera duten beste txirrindularietako batzuk.
Vuelta bere historian seigarren aldiz abiatuko da Espainiatik kanpo. Italiako Piamonte eskualdean jokatuko dira lehendabiziko hiru etapak. Laugarrena Frantzian lehiatuko da, eta bosgarrena, berriz, Katalunian.
Guztira, 21 etapa izango ditu, eta txirrindulariek 3.185 kilometro egingo dituzte, Turinen hasi eta Madrilen amaitzeko.