Itxi

Fitxaketa

Unai Ramos Tuterako txirrindulariak bi urteko kontratua sinatu du Kern Pharma taldearekin

EITB Media

Leer en Castellano

Igotzaile nafarrak "ilusio handia" sentitzen du bizikletarekin hasi zenetik zuen ametsa beteko duelako, eta Finisher taldean emandako bi urteak bere bizitzako "onenak" izan direla azpimarratu du.

Unai Ramos Tuterako txirrindularia, Finisher taldearekin lehiatzen. Irudia: Kern Pharma

Unai Ramosek (Tutera, 2005) Kern Pharma taldean hazten jarraituko du datorren urtean, 2028ra arte kontratua sinatuta, Finisher taldean bi denboraldiz aritu ondoren.

Igotzaile nafarra taldearen bigarren fitxaketa da, Iker Gomezenaren ondoren. Taldeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, dagoeneko 12 dira 2020an ibilbide profesionala hasi zutenetik Kern Pharma taldearekin lehiatu diren txirrindulari nafarrak.

Kern Pharmak nabarmendu duenez, Finisher taldearekin 23 urtez azpikoen mailan egon den bi urteetan etengabeko progresioa izan du Unai Ramosek.

Euskaldun Torneoaren eta Lehendakari Torneoaren hainbat probatan nabarmendu ondoren, 2025a arrakasta handiko urtea izan da, eta Nafarroako Itzulian garaipen handia lortu du Ramosek, bi etapa irabazita.

Beste bi garaipen ere lortu ditu Muxikako San Roman Sari Nagusian eta Baranbioko Andra Mari Txiki Sarian. Podiumeko beste sei postu erantsi behar zaizkio.

Taldeak zabaldutako adierazpenetan, txirrindulariak "ilusio handia" sentitzen du bizikletarekin hasi zenetik zuen ametsa beteko duelako, eta Finisher taldean emandako bi urteak bere bizitzako "onenak" izan direla goraipatu du.

"Asko gozatu eta ikasi dut, eta txirrindulari bihurtu naiz. Laguntasunaren baloreak irakatsi dizkidate, gaur zugatik eta bihar niregatik, errespetua eta sakrifizioa, baita lana funtsezkoa dela eta une batean edo bestean demostratuko dela jakiteko pazientzia ere", gaineratu du.

 

 

Albisteak (1)