Itxi

Munduko Txapelketa

Marlen Reuserrek eta Remco Evenepoelek irabazi dute erlojupekoa 2025eko Munduko Txapelketan

EITB

Leer en Castellano

Txirrindulari suitzarrak eta ziklista belgikarrak urrezko domina eskuratu dute elite mailan, Ruandan jokatzen ari den Munduko Txapelketan. Anna van der Breggen eta Demi Vollering igo dira podiuma osatzera emakumezkoetan, eta Jay Vine eta Ilan Van Wilder gizonezkoetan.

Reusser eta Evenepoel irten dira garaile. Argazkiak: Europa Press eta EFE.

Marlen Reusser Suitzako selekzioko txirrindulariak eta Remco Evenepoel Belgikako selekzioko ziklistak urrezko domina irabazi dute banakako erlojupekoa Munduko Txapelketan, elite mailan, igandean, Kigalin (Ruanda). Emakumezkoen lasterketan, Anna van der Breggen eta Demi Vollering herbeheretarrek lortu dituzte zilarrezko eta brontzezko dominak; gizonezkoetan, berriz, Jay Vine australiarrak erdetsi du zilarrezkoa, eta Ilan Van Wilder belgikarrak brontzezkoa. Reusserrek aurrenekoz jantzi du ortzadar maillota erlojupekoan, baina Remco Evenepoelek hirugarrenez eskuratu du.

Emakumezkoen lasterketak 31,2 kilometroko ibilbidea izan du, eta Kigalin hasi eta amaitu da. Denboraldian zehar Movistar taldearekin lehiatzen den Marlen Reusserrek Van der Breggenek baino 52 segundo gutxiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko, eta Volleringek baino minutu bat eta bost segundo azkarrago egin du. Reusserrek (34 urte) hamahiru domina ditu irabazita txapelketa handietan, tartean 2020ko Olinpiar Jokoetako zilarrezkoa, Tokion irabazitakoa.

Sailkapena

1 - Marlen Reusser (Suitza) 43:09

2 - Anna van der Breggen (Herbehereak) + 0:51

3 - Demi Vollering (Herbehereak) + 1:04

4 - Brodie Chapman (Australia) + 1:20

5 - Katrine Aalerud (Norvegia) + 1:24

6 - Antonia Niedermaier (Alemania) + 1:29

7 - Juliette Labous (Frantzia) + 1:32

8 - Anna Henderson (Erresua Batua) + 1:37

9 - Chloé Dygert (Estatu Batuak) + 2:25

10 - Mireia Benito (Espainia) + 2:32

Gizonezkoen lasterketa ere hasi eta amaitu da Kigalin, eta 40,6 kilometroko ibilbidea izan du. Red Bull-BORA taldeak fitxatu duen Remco Evenepoelek Vinek baino minutu bat eta 14 segundo gutxiago eta Van Wilderrek baino bi minutu eta 35 segundo gutxiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Belgikarrak Tadej Pogacar aurreratu du azken metroetan, esloveniarra bera baino bi minutu eta erdi lehenago irten bada ere. Pogacarrek laugarren sailkatu da, 2:37ra. Evenepoelek hiru urte jarraian daramatza Munduko Txapelketako erlojupekoan gailentzen.  

Sailkapena

1 - Remco Evenepoel (Belgika) 49:46

2 - Jay Vine (Australia) + 1:14

3 - Ilan Van Wilder (Belgika) + 2:36

4 – Tadej Pogacar (Eslovenia) + 2:37

5 - Isaac Del Toro (Mexiko) + 2:40

6 - Andreas Leknessund (Norvegia) + 2:57

7 - Luke Plapp (Australia) + 2:03

8 - Bruno Armirail (Frantzia) + 3:06

9 - Thymen Arensman (Herbehereak) + 3:39

10 - Stefan Kung (Suitza) + 3:48