Itxi

Europako Txapelketa

Marlen Reusserrek eta Remco Evenepoelek irabazi dute 2025eko Europako Txapelketako erlojupekoa

EITB

Leer en Castellano

Txirrindulari suitzarrak laugarren aldiz eskuratu du titulua, eta flandriarrak, ordea, bi urrezko domina ditu irabazita Europako Txapelketako erlojupekoan. Biak ala biak, halaber, Ruandan jokatutako Munduko Txapelketan ere gailendu ziren, irailaren 21ean.

Marlen Reusser eta Remco Evenepoel. Argazkiak: Europa Press eta EFE.

Marlen Reusser suitzarrak eta Remco Evenepoel flandriarrak 2025eko Europako txirrindularitza Txapelketako erlojupekoa irabazi dute, elite mailan, asteazkenean, Drome-Ardachen, Frantzian. Horrenbestez, Reusserrek laugarren aldiz lortu du titulu hori, 2021ean, 2022an eta 2023an ere gailenduta, eta Evenepoelek bigarrenez bereganatu du, kontuan izanik 2019an ere eskuratu zuela.

Bi erlojupekoak Loriol-sur-Dromen hasi eta Etoile-sur-Rhonen bukatu dira, eta 24 kilometroko ibilbidea izan dute. Emakumezkoen lasterketan, Marlen Reusserrek 33:06ko denbora egin du, hau da, zilarrezko domina irabazi duen Mie Bjorndal Ottestad norvegiarrarena baino 49 segundo azkarrago, eta brontzezkoa erdietsi duen Mischa Bredewold herbeheretarrarena baino 51 segundo azkarrago.

Gizonezkoen proban, Remco Evenepoelek 28:26ko denbora egin du, eta horrek urrezko domina eman dio. Filippo Ganna italiarrak bereganatu du zilarrezkoa, flandriarrak baino 43 segundo gehiago baliatuta, eta Niklas Larsen danimarkarrak eskuratu du brontzea, irabazleak baino minutu bat eta zortzi gehiago eginda.

Sailkapenak

Emakumezkoen erlojupekoa

1 – Marlen Reusser (Suitza) 33:06

2 - Mie Bjorndal Ottestad (Norvegia) + 00:49

3 - Mischa Bredewold (Herbehereak) + 00:51

4 - Katrine Aalerud (Norvegia) d. b.

5 - Lieke Nooijen (Herbehereak) + 00:58

Gizonezkoen erlojupekoa

1 – Remco Evenepoel (Belgika) 28:26

2 – Filippo Ganna (Italia) + 00:43

3 – Niklas Larsen (Danimarka) + 01:08

4 - Ethan Hayter (Erresuma Batua) + 01:09

5 - Joshua Tarling (Erresuma Batua) + 01:10

Albisteak (2)