Berritzea
Idoia Erasok eta Naia Amondarainek Laboral Kutxarekin daukaten kontratua luzatu dute 2027 arte
EITB
Amondarain eta Erasoren kontratuak berrituta, talde moreak bederatzi txirrindulari ditu hurrengo denboraldirako.
Naia Amondarain. IRUDIA: LABORAL KUTXA FUNDAZIOA
Naia Amondarain gipuzkoarrak eta Idoia Eraso nafarrak Laboral Kutxa-Euskadirekin zeukaten kontratua 2027 arte luzatu dute, euskal taldeak asteartean jakinarazi duenaren arabera. Eraso eta Amondarainekin, honezkero, bederatzi ziklista ditu talde moreak hurrengo denboraldirako.
23 urteko Erasok "ilusioz" begiratzen die Laboral Kutxan emango dituen hurrengo bi denboraldiei: "2021ean hasi nintzenetik pauso txikiak eman ditut, eta bide horri jarraitzea gustatuko litzaidake. Urte hau oso polita izan da, izan ere, Frantziako Tourrean debuta egin ahal izan dut. Maila altueneko txirrindularitza benetan ezagutu ahal izan dut, eta liluragarria izan da", nabarmendu du nafarrak.
Idoia Eraso. Irudia: Laboral Kutxa Team
Beste alde batetik, 24 urteko Amondarainek oraintxe amaitu den denboraldian "entrenamendu eta txapelketa guztietan disfutatzea" lortu duela azpimarratu du, eta gaineratu du estreinakoz Italiako Giroan parte hartzea ametsa zela, eta bete egin duela.