Itxi

Elkarrizketa

Armstrong: 'Ezinezkoa da zazpi Tour dopatu gabe irabaztea'

Erredakzioa

Txirrindulari ohiak aitortu egin du dopatu zela. Are gehiago, dopinean "maisu" zela adierazi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Lance Armstrong txirrindulari ohi estatubatuarraren atzetik dopinaren itzala egon da bere txirrindularitza ibilbide osoan, baina dena argitu egin da dagoeneko, kirolariak berak aitortu baitu, zehaztasun handiz, dopatu egin zela. Are gehiago, dopinean "maisu" zela nabarmendu du.

Armstrongek Oprah Winfrey kazetari ospetsuari egin dio aitorpena, bart OWN telebista-kate estatubatuarrean, ikus-entzule gehieneko orduan, eskainitako elkarrizketa batean.

Horretan, txirrindularitzaren munduan dopatzea "normala" dela eta dopinaren "kultura" oso bat dagoela azaldu du.

Urrunago joan da: dopatu gabe Frantziako Tourra zazpi aldiz irabaztea "ezinezkoa" iritzi dio. "Ez da posible", erantzun du, hain zuzen ere, kazetariak horren inguruan galdetu dionean.

Armstrongek hainbat gai debekatu hartu izana aitortu du, hala nola EPOa, esteroideak, testosterona, hazkunde hormonak eta kortisona. Gainera, odol-transfusioak jaso izana ere aitortu du.

"Hanka-sartzea nirea izan da. Hori aitortzeko eta barkamena eskatzeko nago hemen eserita", adierazi du.

Nolanahi ere, Tourra zazpigarrenez irabazi eta gero dopatu gabe lehiatu zela esan du: "Muga hori [dopinarena] zeharkatu nuen azken aldia 2005. urtea izan zen, horregatik haserretu ninduen Dopinaren aurkako AEBetako Agentziak 2009. eta 2010. urteetan ere dopatzea egozteak". "2009. urtean [txirrindularitzara] itzuli nintzenean, garbi lehiatu nintzen", azpimarratu du.

Bestalde, Armstrongek ukatu egin du taldekideak dopatzera behartu izana: "Badakit une honetan ez dudala sinesgarritasun handirik, baina ez, ez nuen hori egin".

Txirrindulari ohiak azaldu duenez, George Hincapie taldekide eta laguna deklaratzera deitu zutenean jakin zuen dena argitara aterako zela, benetako istorioa ezagutzen zuelako. "Lagun mina dut oraindik, astero hitz egiten dugu. Ez diot ezer egozten".

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)