Atzera begira
Zer da Puerto Operazioa?
Erredakzioa
Hurrengo astelehenean hasiko da, Madrilen, Puerto Operazioaren epaiketa. Estreinakoz epaituko da dopin sare bat.
Baina atzera bota dezagun begirada, zer da Puerto Operazioa?
Espainian egindako dopinaren aurkako operazioa. Eufemiano Fuentes medikua buru zuen sarea desegitea helburu zuen operazioa, hain zuzen ere. Fuentesi beste kirolari batzuei legez kanpoko substantziak banatzea leporatzen diote: EPO, testosterona, odol-transfusioak etabar.
Guardia Zibilaren ikerketak 2006. urteko lehen hilabeteetan hasi ziren, eta urte bereko maiatzaren 23an hainbat atleta, prestatzaile eta medikuren etxetan eta enpresatan miaketak egin zituen, eta baita atxiloketak ere.
Sumarioak 57 txirrindulari identifikatu zituen, baina hasiera batean futbolariak, tenislariak eta baita atletak ere tartean zeudela argitaratu zen.
Gorabehera askoren ondoren, eta delitu zantzurik ikusten ez zuelako, bitan artxibatu zuen auzia Antonio Serrano epaileak. Baina astelehenean epaiketa hasiko da, eta auzipetuen artean ez da kirolaririk egongo.
Aulkian, medikuak eta hainbat taldetako zuzendari ohi eseriko dira, hau da, Puerto Operazioko protagonista nagusiak.