Itxi

Dopina

Puerto Operazioaren epaiketa, abian zazpi urte geroago

Erredakzioa

Bost auzipetuentzat bi urteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte. Tartean medikuak eta kirol zuzendari ohiak daude, dopinaren kontrako epaiketa handienean.

Guardia Zibilak erregistroak hasi eta zazpi urte geroago, Puerto Operazioaren epaiketa hasiko da astelehenean. Auziak ikusmin handia sortu du, eta 164 kazetariri akreditazioa eman diete. Dopinagatik bost pertsona auzipetuko ditu epaiketa batek lehenengo aldiz.

Auzipetuen aulkian eseriko direnen artean, medikuak eta kirol zuzendari ohiak daude. Bi urteko kartzela zigorra eta bi urteko inhabilitazioa eskatzen dituzte bakoitzarentzat. Eufemiano Fuentes medikua; Yolanda Fuentes, Comunidad Valenciana txirrindularitza taldean medikua izandakoa eta Eufemianoren arreba; eta Miguel Saiz (Liberty), Vicente Belda (Kelme) eta Jose Ignacio Labarta (Comunidad Valenciana) kirol zuzendari ohiak dira auzipetuak. Jose Luis Merino Batres epaiketatik baztertu dute, alzheimerra duelako.

Osasun publikoaren kontrako delitua leporatzen diete auziperatuei, garai hartan dopina ez zelako delitua Espainian (2006an ezarri zuten delitu gisa). Arrazoi beragatik, ustez dopatu ziren kirolariak ez daude Puerto Operazioan auziperatuak.

Hala ere, hamabost kirolarik lekuko gisa deklaratuko dute. Horien artean, Joseba Beloki, Unai Osa eta David Etxebarria euskal kirolariak; Alberto Contador; eta Ivan Basso eta Michele Scarponi italiarrak daude. Jorg Jakschek ere, Armstrongen aurkako auzian USADAk lekuko gisa deitua, epaiketan deklaratuko du. Alemaniako txirrindulariaren arabera, Manolo Saizek Eufemiano Fuentes medikuarengana bidali zuen, EPO, anabolizatzaileak eta odol autotransfusioak erabiltzen zituen dopin programa batean parte hartzeko.

Fiskaltzaren arabera, Fuentesek eta Merinok "glizerolizazioa" deitutako prozesua egiten zuten. Glizerolizazioa zera da: hematokrito maila altuko hemati kontzentrazioak prestatzea, kirolariei transfusioa egiteko, errendimentu fisikoa hobetzeteko helburuarekin. Akusazioaren arabera, kirolarien osasuna arriskuan jarri zuten medikuek, odolaren biskositatea igotzean, bihotzari lan gehiegi egitera behartzen zutelako. Gainera, Fiskaltzaren arabera, "beharrezkoak diren osasun garantiarik gabe egiten ziren" transfusioak.

Fiskaltzaz gain, Dopinaren Kontrako Nazioarteko Agentzia (AMA), Espainiako Kirol Batzorde Gorena, Nazioarteko Txirrindulari Elkartea, Espainiako Txirrindulari Federazioa, Txirrindulari Profesionalen Taldeen Nazioarteko Elkartea eta Jesus Manzano daude. Espainiako txirrindulariak dopatu zela onartu zuen, eta bere bizitza arriskuan jarri zutela salatu zuen. Horrek abiarazi zuen Puerto Operazioa.

Albisteak (3)