Adierazpenak
Armstrong: 'Ez dago garbi jokatu duen belaunaldirik'
Erredakzioa
"Arazoa ez da gizon, talde edo zuzendari batena. Txirrindularitzarena da, eta, egia esanda, iraupen proba guztiena. Pertsona bat jendaurrean 'lintxatzeak' ez du ezer konponduko", esan du.
Bere belaunaldia "ezberdina ez" dela eta ez dagoela "garbi jokatu" duen belaunaldi bat ere adierazi du Lance Armstrongek Cyclingnewsi eskainitako elkarrizketa batean. Gainera, UCIren parte hartzerik gabeko "egiaren komisioa" eskatu du estatubatuarrak.
Urteek aurrera egin ahala "laguntzak" aldatu egin direla esan du Armstrongek, baina "txirrindularitza kirol gogorra" dela gogoarazi du, eta azken ehun urteetan "tranpak egin" direla azaldu du, "trenera igo edo EPOA hartu" bezalako tranpak.
Kirola salbatzeko bide bakarra "egiaren komisioa" eratzea dela adierazi du, eta AMAk sortzea proposatu du, txirrindularitza "mundu mailako kirola delako, ez amerikarra bakarrik".
"Arazoa ez da gizon, talde edo zuzendari batena. Txirrindularitzarena da, eta egia esanda, iraupen proba guztiena. Pertsona baten lintxamendu publikoak ez du ezer konponduko", gaineratu du.