Puerto Operazioa
Cipollini Eufemiano Fuentesen bezeroa izan zen, 'Gazzeta'ren arabera
Erredakzioa
'La Gazzeta dello Sport' kazetak argitaratu duenez, Mario Cipollini Eufemiano Fuentes medikuaren bezeroen artean egon zen. Fuentes Puerto Operazioan auzipetuta dago.
Mario Cipollini, Italiako txirrindulari ohia, Eufemiano Fuentesen bezeroa izan zen, La Gazzeta dello Sport egunkariaren arabera. Medikuak Cipollinirentzat ustez egindako dopin programa frogatzen duten dokumentuak eman ditu argitara Italiako kazetak.
2002an EPO, hazkundearen hormona, transfusioak, anabolizatzaileak eta intsulina eman zizkion Cipolliniri Fuentes medikuak, Puerto Operazioaren epaiketan osasun publikoaren kontrako delitu batengatik auzipetuta. 2002a urte arrakastatsua izan zen Italiako txirrindulariarentzat; besteren artean, Munduko Txapelketako ortzadarra irabazi zuen.
Txirrindulari ohiak ez du Italiako kirol kazetaren dokumentuei buruz ezer esan. Eufemiano Fuentesekin batera, Yolanda Fuentes medikua eta Manuel Saiz (Liberty), Vicente Belda (Kelme) eta Jose Ignacio Labarta (Comunidad Valenciana) kirol zuzendari ohiak daude Puerto Operazioaren epaiketan auzipetuta.