Itxi

Puerto Operazioaren epaiketa

Fuentesekin harremanik izan ez zutela esan dute euskal txirrindulariek

Erredakzioa

"Espediente garbi-garbia" duela esan du Belokik. Bestalde, Fuentesek "sekula" odolik atera ez diola ziurtatu du. Fuentesekin "harremanik izan ez" zuela ziurtatu du Unai Osak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Ez, erabat". Horrela mintzatu da Joseba Beloki Puerto Operazioaren epaiketan, Eufemiano Fuentes harremanik izana ukatzeko. Ez zela inoiz dopatu eta ez zuela medikua ezagutzen esan du txirrindulari ohiak.

"Espediente garbi-garbia" duela esan du Belokik. Horren hitzetan, espediente bat irekitzeko eskatu zion Federazioari, defendatzeko aukera izan zedin, baina ez zioten erantzun. Txirrindulariaren arabera, laguntzen saiatu da beti, baina gaur egun, erretiratuta dagoenez, pentsatu beharko luke.

Gasteizko txirrindulariak Eufemiano Fuentes ezagutzea ukatu du, inoiz ez delako horren berezoa izan. Medikuaren dokumentuetan agertzen diren siglen esanahia ez duela ezagutzen gehitu du Belokik. Batzuk Liberty taldeko txirrindularien izenekin bat etorri daitezkeela esan du, baina ezin du ziurtatu.

Taldeko medikuak baino ez zituela erabili esan du Belokik, eta UCIren "banpiroen" kontrolak egiteko modua kritikatu du.

Era berean, Eufemiano Fuentesek sekula ez diola odolik atera adierazi du David Etxebarria ONCE eta Liberty taldeetako txirrindulari ohiak. Fuentesi inoiz ez diola ezer ordaindu gaineratu du Etxebarriak.

Horrela, Fuentesek "sekula" odolik atera ez diola ziurtatu du Etxebarriak. 2006ko maiatzean, miaketetan, Guardia Zibilak atzemandako odol eta plasma poltsek "ehuneko ehunean" bere odolik ez dutela erantsi du.

Bestalde, bere DNA poltsa horietako edukiarekin alderatzeko beharrezko azterketak egiteko prest agertu da, nahiz eta 2007an aukera horri uko egin Durangoko (Bizkaia) epaitegian.

Eufemiano Fuentesekin "harremanik izan ez" zuela ziurtatu du Unai Osa txirrindulari ohiak. Kanariako medikuak Libertyko beste taldekideak artatu ote zituen ez dakiela gaineratu du Osak.

Fuentesen etxean atzemandako agiriak "sekula ikusi ez" dituela esan du txirrindulari bizkaitarrak. Agiri horietan Unairen izena agertzen da 2002, 2004 eta 2005eko entrenamendu egitasmoen alboan.

Albisteak (2)

Bideoak (1)