Puerto Operazioa
Beldaren Kelme taldean dopina nagusi zela azaldu du Manzanok
Erredakzioa
2003ko Tourrean Manzanok konortea galdu zuen: "Hartutakoaren berri ez emateko eta azterketarik egiten ez uzteko esan zidaten, kartzelara joan gintezkelako", esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dopina nagusi zela azaldu du gaur Jesus Manzano Kelme taldeko txirrindulari ohiak Puerto Operazioaren auziko epaiketan. Eufemiano Fuentes medikuak eta Yolandak, haren arrebak, taldeko dopina antolatzen zutela adierazi du Manzanok. Gainera, Vicente Belda eta Jose Ignacio Labarta taldeko zuzendariek dopin sarean laguntzen zutela salatu du.
Manzano Espainiako txirrindularitzan dopin praktikak salatzen aurrenekoa izan zen 2004an. Txirrindulariei odol-transfusioak egiten eta botikak sistematikoki ematen zizkietela salatu du Manzanok. Txirrindulari ohiak lekuko gisa deklaratu du epaiketan.
Manzanoren arabera, Fuentes taldearen denboraldiko egitasmo medikoa egiteko arduraduna zen, eta ondoren Beldak txirrindulari bakoitzaren egutegia ezartzen zuen. Bien bitartean, Labartak entrenamenduak antolatzen zituen. Bestalde, Alfredo Cordova eta Walter Viru medikuak dopin sarean inplikatu ditu Manzanok.
Txirrindulari bati odola ateratzen ziotenean (litro bat ateratzen zioten 500 mililitroko bi poltsatan) Labartak entrenamendu gozoak antolatzen zizkion, 60 edo 80 kilometrokoak, erritmo geldoan eta taupada kopuru mugatu batzuen barruan.
Taldearen funtzionamendua
Belda Kelmeko zuzendariak txirrindulariak Fuentesengana bidaltzen zituen, Manzanoren esanetan. Medikuak lasterketetan botikak ematen zizkien. Hematokritoa estaltzeko albumina eta seruma erabiltzen zituzten, eta bi substantzia horiek gernutik eta izerditik desagertzeko beste pilula batzuk, 'cuadriculadas' izenekoak.
Hematokritoa edo odolaren likatasuna (zenbat eta likatasun handiagoa gorputzaldi hobeagoa) EPOren bidez areagotzen zuten. Horretarako txertoak erabiltzen zituzten txirrindulariek. Tratamenduek hilabete bateko iraupena zuten, eta ondoren 12 egun geldi ematen zituzten hondarrak desagertzeko.
Prozesuaren amaieran odola ateratzen zieten, gerora odol-transfusioak egiteko.
Batzuetan, EPO lasterketetan zehar ematen zizkieten. Dopin substantzia gernutik desagertzeko 'hauts zuria' hartzen zuten txirrindulariek. Horrela, UCIren kontrolek EPOa atzematea saihesten zuten. Gernutik proteinak ezabatzen zituzten mekanismoaren bidez.
UCIk hematokrito mailak zaintzen zituenez, arazorik ez zuten txirrindulariak kontrolak igarotzen lehenak izaten ziren.
"Hematokrito baxuko txirrindulariak lehenengoak ziren, bien bitartean gainerakoei albumina eta seruma ematen zizkiguten (odolaren jarioa areagotzeko). Esker besoan injekzioa jartzen baziguten, kontrolerako eskuin besoa jartzen genuen", azaldu du Manzanok.
Manzano 2000tik 2003ra egon zen Kelme taldean eta taldekide guztiek, batek izan ezik, hanketako zainetan arazoak zituelako, dopina erabiltzen zutela adierazi du lekukoak.
Konortea galduta
2003ko Tourrean Manzanok konortea galdu zuen eta ospitalera eraman behar izan zuten: "Hartutakoaren berri ez emateko eta azterketarik egiten ez uzteko esan zidaten, kartzelara joan gintezkelako", esan du txirrindulari ohiak.
"Produktuak hartzeri uko egin ezkero, baja zinen berehala", erantsi du lekukoak. Arazo horien inguruko bilera bat egin zuten txirrindulariek, baina ez dopina saihesteko, "kontrol gehiago eta botika hobeagoak" eskatzeko baizik.