Italiako klasikoak
Alejandro Valverde, Roma Maximaren bila
Erredakzioa
Zuzenean jarraituko dugu Italiako lasterketa, igandean 14:30etatik aurrera, ETB-1en eta eitb.com-en.
Lau urte ospatu gabe egon ostean, Lazioko Itzulia bueltatu egingo da Italiako egutegira, Roma Maxima izenarekin. Lasterketa zuzenean jarraituko dugu, igandean, 14.30etatik aurrera, ETB-1en eta eitb.com-en. Alejandro Valverde (Movistar) da Via dei Fori Imperiali irabazteko faborito nagusia, Strade Bianche proban erorikoa izan duen arren. Hala ere, Murtziakoari garaipena lapurtu ahal dioten txirrindularien zerrenda zabala dago.
Hiru zailtasun izango dituzte txirrindulariek, lasterketaren erdiko zatian: Rocca Massima (10 km %5ean), Rocca Priora (13,5 km %4,9an) eta Campi di Anibale (6,4 km %6an, %10,3ko aldapekin). Aldapetan lasterketa apurtzen saiatuko dira eskalatzaileak. Harbidea eta monumentuen irudi ikusgarriak aurkituko dituzte Italiako hiriburuan.
Valverdez gain, aldapan gora ondo dabiltzan eta helmugan azkarrak diren beste txirrindulariak ere garaipenaren bila arituko dira, esaterako, Grega Bole (Vacansoleil), Giovanni Visconti (Movistar) edo Damiano Cunego (Colnago).