Igandean
Oilar asko, Milano-San Remo probako 106. edizioan
Erredakzioa
'Classicissima' lasterketak 106 urte egingo ditu, eta Simon Gerransek titulua defendatzeko abagunea izango du. Jarraitu proba zuzenean, eitb.com-em eta ETB-1en.
Milano-San Remo Italiako proba klasikoak 106 urte beteko ditu igandean, 298 kilometroko ibilbide ikusgarri batekin. Lasterketan tropeleko gizon azkarrenek eta klasikoetan maisuak diren txirrindulariek izango dituzte aukera argienak.
Irteeran euria eta 3 gradu soilik espero dira, eta txirrindulariek Milanetik San Remo hirirainoko ibilbidea bustita egingo dutela dirudi. Tropelak muinoak gainditu beharko ditu, baina igoerak ez dira esprinterrak aztean uzteko bezain gogorrak izango.
Simon Gerrans australiarrak ezusteko handia eman zuen iaz, eta 106. edizioan titulua defendatzeko aukera izango du. Tirreno-Adriatikoko bosgarren etapan arnasa hartzeko arazoak zirela eta proba utzi behar izan zuen, baina ‘Classicissima’n bere kalitatea erakusteko abagunea izango du.
Faboritoen artean Cannondaleko Peter Sagan eta Moreno Moser daude. Saganek bost garaipen eksuratu ditu denboraldi honetan. Beste esprinter indartsuenen artean Mark Cavendish britainiarra, Andre Greipel eta John Degenkolb alemaniarrak, Thor Hushovd eta Edvald Boasson Hagen norbegiarrak, Tom Boonen belgikarra, eta Matthew Goss 2011ko irabazlea ere egongo dira.
Vincenzo Nibali 2013ko Tirreno-Adriatikoko garailea eta Fabian Cancelarra suitzarra ere, Milano-San Remo proban egongo dira.