Lizarran
Sanchez, Valverde eta Contador Miguel Indurain Sarian egongo dira
Erredakzioa
Lehenengo mailako sei taldek hartuko dute parte Lizarrako proban, larunbatean. ETB-Kk eta eitb.com-ek laburpen bat eskainiko dute 21:00etan.
Miguel Indurain Sariak, larunbatean Lizarran, euskal egutegi profesionalaren udaberriko etapari hasiera emango dio, Euskal Herriko Itzulia hasi baino bi egun lehenago. Amorebietako Udaberriko Klasikoarekin bukatuko da euskal astea, hurrengo igandean. ETB-Kk eta eitb.com-ek Lizarrako probaren laburpen bat emango dute, larunbatean 21:00etan.
Samuel Sanchez Euskal Herriko Itzulia buruan duela lehiatuko da Lizarran, Euskaltel-Euskadiren markagailua estreinatzeko prest. Igor Anton, Mikel Landa eta Izagirre anaiak ere taldean egongo dira. Denboraldi grisari kolorea eman nahi diote laranjek. Orain arte, irabazi ez duen World Tourreko talde bakarra da Euskaltel-Euskadi.
Alejandro Valverde baieztatu du Movistarrek Indurain Saria lehiatzeko. Murtziako txirrindulariarekin batera, besteak beste, Rui Costa eta Beñat Intxausti egongo dira. Portugalekoa Puyko Basilikan irabazteko hautagaia da, eta Muxikakoari, aldiz, Itzuliaren aurreko sentsazioak neurtzeko balioko dio. Alberto Contador (Saxo Bank-Tinkoff) eta Daniel Martin (Garmin-Sharp) ere Lizarrako proba irabazteko faboritoak dira. Irlandakoak Kataluniako Volta izugarria irabazi berri du.
Dani Moreno (Katusha), iazko irabazlea, ez da Lizarran egongo. Joaquim Rodriguez taldekidea ere ez. Iazko World Tourreko liderra eta bukaera hauetan irabazteko aproposena da Kataluniakoa. Errusiako taldeak, ordea, Alexandr Kolobnev izango du liderra, garaipenaren bila lehiatzeko prest.
Txirrindulariek aldapaz betetako ibilbidea izango dute aurrean, gogorragoa bigarren zatian: 1. mailako gailur bat (Girgillao) eta 2. mailako bi (Lezaun eta Eraul) igaro beharko dituzte, Puyko Basilika maldatsuan bukatu baino lehen.