Romandiako Itzulia 2013
Anton, Astarloza eta Landa, Euskalteleko liderrak Romandiako Itzulian
Erredakzioa
Lasterketa apirilaren 23tik 28ra lehiatuko da, eta eitb.comek eta ETB-1ek zuzen-zuzenean emango dute.
Euskaltel Euskadik talde indartsua izango du Romandiako Itzuliko 67. edizioan: Igor Anton, Mikel Astarloza, Romain Sicard, Mikel Nieve, Pello Bilbao, Garikoitz Bravo, Mikel Landa eta Juan Jose Lobato.
Lehen hirurek Liege-Bastogne-Liege proba korrituko dute igande honetan, eta Lobato Suitzan lehiatuko da Gaztela eta Leongo Itzuliko bigarren etapa esprintean irabazi ostean.
Romandiako Itzulia apirilaren 23tik 28ra lehiatuko da: 2013ko edizioak, gainera, ibilbide oso erakargarria du. Lehen jertse horia 7,45 kilometroko atariko etapan erabakiko da. Lehen eta bigarren etapek ez dute zailtasun handirik, baina bai aldapa batzuk.
Amaiera gogorra
Lasterketa azken bi egunetan erabakiko da. Laugarrena etapa menditsua da, Col des Mosses, col de la Croix, Pas de Morgins eta Col de la Croix mendateekin. Azken etapa 18,6 kilometroko erlojupekoa da.