Egoera larria
Euskaltel, desagertzear
Erredakzioa
Euskaltel-Euskadik beste babesle bat behar du txirrindularitza profesionalean jarraitzeko. Halere, azken momentura arte borrokatuko dute taldea aurrera egiteko; epea abuztuaren 31a.
Egoera ekonomikoa ez da ona txirrindularitzan, eta Euskaltel-Euskadiren etorkizuna beltza da oso. Talde laranjak beste babesle bat behar du txirrindularitza profesionalean jarraitzeko.
Mikel Astorkizak, Fundazioko kideak, Radio Euskadin elkarrizketatu dute eta taldearen egungo egoera larria dela baieztatu du, 'nazioarteko babesle bat behar dugu euskal txirrindularitza aurrera egin dezan. Egoera zaila da, krisian bizi gara eta dirua behar dugu aurrera egiteko' (3,5 milioi euro gutxi gorabehera).
Arazoa ez da berria eta aspalditik ari dira lanean Fundazioan, 'urte hasieran bagenekien zer nolako egoera genuen, nola euskal erakundeen diru-laguntza ez genuela izango eta etorkizuna beltza zela. Halere, azken momentura arte borrokatuko dugu, harreman batzuk ditugu baina ez dago ezer garbi. Dakigun gauza bakarra tadearen modeloa aldatuko dela bai ala bai.
20 urte goi-mailan
Historian zehar, euskal taldeak Euskaltel telekomunikazio enpresa izan du babesle nagusi. Halere, euskal erakundeek ere beti lagundu dute, taldeari Euskadi izena jartzearen truke.
Euskaltel da, Lotto talde belgikarraren ondoren, profesional mailan urte gehien daramatzan babeslea: 20 denboraldi.