Babesleak behar dute
Euskaltelek ezin dio bakarrik eutsi proiektuari
Erredakzioa
Taldeak ezin dio gaur egungo ereduari eutsi, krisia dela eta erakundeek ezin baitute ordaindu aurrekontuan dagokien zatia. Ezinbestekoa da babesle berri bat sartzea, taldearen iraupena bermatzeko.
Euskaltelek, webgunean iragarri duen bezala, babesle bila jarraitzen du, txirrindulari-taldeak irautea bermatzeko. Euskaltelek ezin dio bakarrik eutsi proiektuari; gutxienez, 7 milioi euroko ekarpena behar du.
Argitaratuko komunikatua
'Instituzioek ezin dute ordaindu Euskaltel Euskadi taldearen aurrekontuan dagokien zatia, krisi ekonomikoa dela eta, eta, beraz, proiektuak ezin du jarraitu gaur egungo ereduarekin. Hori dela eta, ezinbestekoa da taldeak irautea bermatuko duen babesle berri bat sartzea.
Euskaltelek urtean 3,5 milioi euroko ekarpena egiten du 9 milioi euroko aurrekontuan, eta, aurten, bere gain hartu du instituzioei dagokien zatia, taldea mundu mailako eliteko txirrindularitzan lehiatu ahal izateko. Horrenbestez, 7 milioi euroko ekarpena egingo du 2013an, aurtengo urteari zegokionaren bikoitza.
Euskaltelek ezin dio eutsi bakarrik, ordea, proiektuari. Egoera hau ez da bideragarria etorkizunerako; beraz, babesle berri bat lortzea da proiektuaren iraunkortasuna bermatzen saiatzeko era bakarra.
Hori dela eta, instituzioek berretsi zutenetik 2013an ezingo ziotela eutsi taldearen aurrekontuko ekarpenari, Euskaltel babesle bila hasi zen, bai gure inguruan —lehen aukera gisa—, bai kanpoan, instituzioek utzitako hutsunea betetzeko.
Zoritxarrez, emaitza antzua izan du gure inguruan egin den txirrindulari-taldearentzako enpresa babesle berrien bilaketak. Babesleak bilatzea lan gogorra eta zaila da, batetik, Euskadiko krisi ekonomikoarengatik eta, bestetik, Europako kirol- eta txirrindularitza-babesletzako krisiarengatik.
Une honetan, negoziazio irekiak izaten ari gara babesle izan litezkeen hainbat enpresarekin, taldearen etorkizuneko iraunkortasuna bermatzen saiatzeko —hori baita Euskaltelen helburu nagusia—, egoera latz honetako irtenbide gisara. Zeregin horretan jo eta su ari da Euskaltel; beraz, azken muturreraino eramango dira irekitako negoziazio-aukerak, nazioarteko erakundeek ezartzen dituzten epeen barruan.
Euskaltel duela 17 urte hasi zen txirrindulari-taldeari laguntza ekonomikoa ematen, 1997aren bukaeran, taldea martxan jarri zen urtean, hain zuzen —garai hartan, egoera ekonomiko zailean zegoen taldea—. Euskaltelek taldearekin duen konpromisoaren erakusle da 17 urte hauetan 45 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin diola. Urte hauetan guztietan, Euskaltelek laguntza eman dio taldeari, EAEko instituzioekin batera, Euskadik eliteko txirrindulari-talde bat izan zezan. Batasun natural bat izan da orain artekoa, baina krisiak eragotzi egin die instituzioei proiektuarekin jarraitzea.
Euskaltel
Euskaltelek, ordea, eutsi egiten dio EAEko gizartearekin duen konpromisoari, hura baitu bere jardueraren ardatz. Enpresa gisa sortu zenetik (orain dela 15 urte baino gehiago), Euskaltelek Euskal Autonomia Erkidegoko bezeroen telekomunikazio-beharrak asetzeko xedea ezarri zuen, eta, horretarako, garapen ekonomiko eta sozialari eta autonomia-erkidegoko ongizateari laguntzea, hainbat modutara.
Lehenik, 1.500 milioi euro baino gehiagoko eragin ekonomiko orokorra izan du, azken hamar urteotan, balio erantsian eta enplegu-sorkuntzan.
Bigarrenik, EAEko ia 600 enpresatan erosketak egin ditu urtero; gutxi gorabehera, 2.250 milioi euroko kontratazioa.
Hirugarrenik, 700 milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak egin dizkio Ogasunari; haietatik 103 milioi, 2012an.
Laugarrenik, 100 milioi euro baino gehiago eman ditu I+G+Brako.
Bosgarrenik, 1.750 milioi euro baino gehiagoko inbertsio-ahalegina egin du bere historian zehar.
Seigarrenik, Euskaltelen 550 lagunentzako enplegua sortu du, zuzenean, eta 3.500 lagunentzako enplegua, zeharka'.