Adierazpenak
Fernando Alonso: 'Anbizio handiko proiektua da'
Erredakzioa
Taldeari eragiten dioten erabakiak hartuta daude dagoeneko, eta orain kirol-zuzendariak eta babesleak aurkitu behar ditugu", esan du Ferrariko pilotuak.
Fernando Alonso Bat Formulako gidariak Euskaltel Euskadi taldearen Pro Tour lizentzia erosi du, eta gaur horri buruz hitz egin du, Monzan (asteburu honetan Italiako Sari Nagusia jokatuko da bertan).
"Lan handia izan dugu aste honetan, baina une honetan gauzak bideratuta daude. Taldeari eragiten dioten erabakiak hartuta daude dagoeneko, eta orain kirol-zuzendariak eta babesleak aurkitu behar ditugu. Hurrengo hilabeteetan gauza asko egin behar ditugu, urteko aurreneko proba urtarrilean baita", esan du.
"Anbizio handiko proiektua da, eta nahi eta itxaropen handia dago jarrita. Une honetan Bat Formulako munduko txapelketa dut helburu, eta ezin diot txirrindularitza proiektu horri denbora gehiago eskaini, baina neguan buru belarri egon beharko dugu", adierazi du.
"Taldeak izenik ez du, babesleen zain gaude. Epe ertainean mundu mailako taldea eratu nahi dugu, nazioarteko proiektu indartsuarekin. Txikitatik dut txirrindularitzarekin lotura”, gaineratu du Fernando Alonsok.