Itxi

Managerrak alde egin du

Txileko PinoRoad taldeak errepidea utziko du

Erredakzioa

Kontinente mailako txirrindulari taldeak (Mikel Bizkarra, Pablo Urtasun eta Juanjo Oroz) ateak itxi beharko ditu, managerrak alde egin duelako.

PinoRoad taldearen txirrindulari batzuk; Urtasun, Oroz eta Bizkarra tartean. Argazkia: PinoRoad.

Txileko PinoRoad taldea, Nazioarteko Txirrindularitza Federazioan kontinente mailan izena emanda zuena, ateak itxi eta agur esan beharko du, taldeko managerrak, Juan Pablo Pino Zuñigak, ez baititu hartutako konpromiso ekonomikoak bete. Beraz, Mikel Bizkarra, Pablo Urtasun eta Juanjo Oroz txirrindularien taldea desagertu egingo da.

Taldeko langile guztiak, hiru euskal txirrindulariak tartean, jaso dute jada PinoRoaden erabakiaren berri. Espainiako eta Txileko langileen arteko proiektu bat bezala jaio zen taldea. UCIn eman zuen izena, aurrekontuak itxita zituela, baina managerrak proiektua utzi du taldeak jarraitzeko behar dituen ordainketak egin gabe.

Otsailaren 17an, taldea geldituko zela iragarri zuten arduradunek. UCIk denbora gehigarria eman zien, baina aurrekontua betetzeko bermerik lortu ezinik, agur esan behar izan du. Kaltetuen arabera, "erantzunkizunez hartutako erabakia izan da, denboraldiaren une hauetan". Txirrindulariak Zuñigaren kontra egitea aztertzen ari dira, agiriak faltsutzea egotzita, eta hurrengo denboraldian errepidean talde bat izateko lanean jarraituko dute.