Lizarran
Alejandro Valverde, jaun eta jabe Indurain Sarian
M.D.
Movistar taldeko txirrindulariak erasoa jo du tropelean, iheslariak harrapatu ditu, eta bakarrik heldu da Lizarrako helmugara.
Alejandro Valverdek irabazi du Miguel Indurain Sari Nagusia, eta argi utzi du Movistar taldearen nagusitasuna Lizarrako (Nafarroa) lasterketan, Euskal Herriko Itzuliaren atarian. Puyko Andre Mariara egindako laugarren igoeran erasoa jo, eta garaipena eskuratu du Valverdek. Minutu batera utzi zituen aurkariak.
Movistar taldea nagusi izan da Indurain Sarian. Azken kilometroetan, Nafarroako taldeak hiru txirrindulari sartu ditu eguneko ihesaldian: John Gadret, Jesus Herrada eta Jose Herrada. Ion Izagirre ere egunean zehar izan diren ihesaldietako batean izan da, mugimendu handia egon baita aurreko taldean.
Azkenean, helmugarako 19 kilometro falta zirela, Alejandro Valverdek erasoa jo, tropela atzean utzi du, eta erraz harrapatu ditu ihes eginda zeudenak. Aurrekoekin bat eginda, eta John Gadreten laguntzarekin, gogortu egin du aurreko taldearen erritmoa, eta azken 12 kilometroak bakarrik egin ditu murtziarrak, gero eta alde handiagoa zabalduz Tom Jelte Slagter saiatu da atzean Movistarrekoa harrapatzen, baina Valverde iritsi da lehenengoa helmugara, tarte handiarekin.
LASTERKETAKO SAILKAPENA
1. Alejandro Valverde (Movistar) 4h52:01
2. Tom Jelte Slagter (Garmin) a 1'02''-ra
3. Sergey Chernetski (Katusha) d.b.
4. Andre Cardoso (Garmin) a 1'06''-ra
5. Yury Trofimov (Katusha) d.b.
6. Ryder Hesjedal (Garmin) a 1'40''-ra
7. Alexandr Kolobnev (Katusha) a 2'18''-ra
8. Ben King (Garmin) a 2'28''-ra
9. David Arroyo (Caja Rural) a 2' 39''-ra
10. Miguel Mínguez (Euskadi) a 3' 11''-ra