Itxi

Italia

Pantaniren auzia berriro ireki du Fiskaltzak, hilketa susmoengatik

Erredakzioa

Txirrindulariaren familiak egindako eskaerari erantzuteko hartu dute erabakia. Susmoen arabera, Pantani jo eta kokaina edatera behartu zuten.

Marco Pantani hilda aurkitu zuten 2004. urtekoan, kokaina gaindosiagatik. Efe.

Riminiko Fiskaltzak Marco Pantani txirrindulariaren auzia berriro irekitzea erabaki du. Pantani 2004. urteko otsailean hil zen kokaina gaindosi baten ondorioz. La Gazzeta dello Sport egunkariak larunbat honetan argitaratutakoaren arabera, baliteke italiarra norbaitek hil izana.

Egunkari italiarraren webgunean azaltzen denez, Fiskaltzak Pantaniren familiaren eskaerari kasu egin dio. Familiak zalantzan jarri du beti Pantanik bere buruaz beste egin izana. Albistea Tonina Belletti txirrindulariaren amak konfirmatu du Facebooken.

Gazzetaren arabera, Fiskaltza "hilotza eta lekua aldatuta egindako homizidioa" ikertzen ari da. Susmoen arabera, 1998 Tourreko irabazlea jo eta kokaina edatera behartu zuten. Pantaniren gorpuan kokaina kopuru handia antzeman zuten.

Cesenaticoko txirrindulariaren gurasoek ez diote inoiz sinesgarritasunik eman suizioaren teoriari, "zalantza asko" dituztelako.

"Marco ez zegoen bakarrik gela hartan, berarekin persona gehiago egon zitezkeen, eta bi carabinieriri deitu zien, persona batzuk molestatzen ari zitzaizkiola esanda", esan zuen amak elkarrizketa batean. Orduan ere ikerketa berriro abian jartzeko eskatu zuen "azalpenak eta erantzunak" nahi zituelako.

Zalantzak

Italiako kirol egunkariak dioenez, zalantza ugari daude Pantaniren heriotzaren inguruan: gelan zegoen nahasmena, gau baterako erreserba egin eta azkenean lau eguneko egonaldia egin zuela, ekipajerik ez edukitzea, beste hiri batzuetan utzitako hiru jaka gelan agertzea…

Duela hiru urte, Italiako Justiziak Fabio Carlini Pantaniren ustezko trafikantea absolbitu zuen, kokaina purua saltzeagatik inputatu ostean.

Beste inputatuek, hiru trafikante, zigorrak aurretik adostu zituzten; urtebete eta 11 hilabetetik lau urte eta 10 hilabeterainokoak, hain zuzen.