Itxi

29 urterekin

Andy Schleckek txirrindularitza profesionala utziko duela iragarri du

Erredakzioa

Luxenburgokoa "etsita" agertu da lesio baten ondorioz erretiratzeagatik. Bigarren izan zen 2009an eta 2011n Frantziako Tourrean, eta 2010ekoa irabazi zuen, Contador deskalifikatu ondoren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Andy Schleck luxenburgotarrak ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki duela iragarri du. Trek Factory Racing taldeko txirrindulariak bederatzi urte eman ditu lehia profesionalean, eta Frantziako Tourrean belaunean egindako lesioaren ondorioz erretiratu da.

Schleckek berak azaldu duenez, lesio hori behin betikoa ez izateko hartu du erretiratzeko erabakia.

"Zalantzarik gabe, nire ibilbidea horrela amaitzeak etsita sentiarazten nau", esan du txirrindulariak, bere taldeak ateratako oharraren arabera. Schlecki lehian jarraitzea gustatuko litzaioke, baina bere nahia alde batera utzi behar du, belaunean duen lesioa dela eta.

Schleckek utzi egin behar izan zuen Frantziako Tourreko azken edizioa, laugarren etapan, eta ebakuntza egin zioten eskuineko belaunean lotailuak hautsita zituelako, besteak beste. Txirrindulariak azaldu duenez, lotailuak sendatu zaizkio jada, baina kartilagoa gaizki dauka oraindik eta, errehabilitazioa egin arren, ez du sendatzea lortu.

2010eko Tourreko irabazlea

Luxenburgokoa bigarren izan zen Frantziako Tourrean 2009an eta 2011n, eta 2010eko edizioan irabazle izendatu zuten, Alberto Contador deskalifikatu ondoren.

Schleck aurreko Tourrean ere aritu zen, Frank anaia zaharrarentzat eta Haimar Zubeldiarentzat lan egiteko.

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)