109. edizioa
Matteo Trentinek irabazi du Paris-Tours lasterketa
Erredakzioa
Etixx Quick Step taldeko txirrindularia nagusitu da Tourseko helmugan. Tosh Van der Sande gainditu du esprintean eta Van Avermaet hirugarren izan da, irabazlearengandik lau segundora.
Matteo Trentin (Etixx Quick Step) italiarrak irabazi du Paris-Tours lasterketako 109. edizioa. Tosh Van der Sande (Lotto-Soudal) eta Greg Van Avermaet (BMC) txirrindulariekin ihes eginda iritsi da azken metroetara eta nagusi izan da bi belgikarren aurrean.
Van Avermaetek matxura izan du azken kilometroan eta etapa garaipenerako aukera gabe geratu da. Etapa Trentinen eta Van der Sanderen artean erabaki da. Italiarrak helmugarako 150 metro falta zirenean hasi du esprinta eta abantaila mantentzea lortu du.
Trentinek azken-aurreko igoeran jo du erasoa, helmugarako 9 kilometro falta zirenean. Italiarrarekin batera Van der Sande eta Van Avermaet belgikarrak joan dira. Atzetik joan den taldetxoak ezin izan du hirukotea harrapatu, eta irabazlearengandik 20 segundora gurutzatu dute helmuga. Trentinek, 4 ordu, 39 minutu eta 12 segundo behar izan ditu 231 kilometroko ibilbidea osatzeko.
Sailkapena:
1. Matteo Trentin (Etixx-Quick Step) 4:39:12
2. Tosh Van der Sande (Lotto-Soudal) d.b.
3. Greg Van Avermaet (BMC) + 4"
4. Tiesj Benoot (Lotto-Soudal) + 20"
5. Roy Jans (Wanty Groupe Gobert) + 20"