Segurtasuna bermatzeko
Diskozko frenoen erabilera etetea erabaki du UCIk
Agentziak | Erredakzioa
Erabakia Fran Ventosok Paris Roubaix lasterketan izandako istripuaren harira hartu dute. Ventosok zauria egin zuen zango batean, beste txirrindulari baten diskozko frenoarekin.
Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak diskozko frenoekin bizikletetan hasitako esperimentuak "berehala" etetea erabaki du.
Erabakia Talde Profesionalen Nazioarteko Elkarteak eskatuta hartu dute, Fran Ventoso (Movistar) txirrindulariak Paris Roubaix lasterketan igandean izandako istripuaren ondorioz. Ventosori ebakuntza egin behar izan zioten beste txirrindulari baten diskozko frenoak eragindako zaurien ondorioz.
Lehen probak 2015eko abuztua eta iraila artean egin zituzten, eta emaitzak aztertu ostean, UCIk freno horien erabilera 2016ko lasterketetan baimentzea erabaki zuen, urte osoan jarraipen bat eginez.
UCIk gaia Material Batzordearekin aztertuko du. Batzorde horretan taldeen, txirrindularien, mekanikoen, komisarioen eta bizikleta ekoizleen ordezkariak daude, eta euren helburua txirrindularien segurtasuna bermatzea da.