Kataluniako Volta, 5. etapa
Valverde da lider berria, Lo Porten erakustaldia eman ostean
Agentziak | Erredakzioa
Movistarrekoa gailendu da 5. etapan, Chris Froomen eta Alberto Contadorren aurretik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alejandro Valverdek (Movistar) irabazi du Kataluniako Voltako bosgarren etapa. Guztira, 182 kilometro egin dituzte txirrindulariek Valls eta Lo Port (Tortosa ) artean. Helmuga maila bereziko mendate batean egon da, eta igoerak faborito nagusien arteko lehia piztu du. Valverde izan da guztien artean indartsuena, Chris Froomen (Sky) eta Alberto Contadorren (Trek) aurretik.
Orain arteko liderrak, Tejay Van Garderen estatubatuarrak (BMC) egun beltza izan du eta denbora asko galdu du helmugan.
Lo Portera igoerak 20 kilometro izan ditu. Tarterik zailenetan, % 20ko aldapak igo behar izan dituzte, eta hortxe izandako lehiak goitik behera aldatu du sailkapen nagusia. Valverdek erasoa jo du azken kilometroan eta berak eraman du garaipena eta sailkapen nagusiko lidergoa.
Marc Soler gazteak erritmo gogorra jarri du igoerako lehen kilometroetan Valverderen mesederako. Murtziarra, Froome, Contador eta Adam Yates geratu dira aurreko taldean. Contadorrek erritmoa gogortu du baina Valverdek ondo eutsi dio eta ondoren bera bakarrik joan da helmugara iritsi arte.