Itxi

Dopinaren aurkako kontrola

Froomek giltzurrun disfuntzioa argudiatuko du gehiegizko salbutamol maila azaltzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Horren arabera, Froomek giltzurrunetako disfuntzio bat pairatu zuen, eta, ondorioz, Ventolin botikatik hartutako salbutamola hainbat egunez metatu zitzaion organismoaren barruan.

Chris Froome, Espainiako Itzuliko podiumean

2017ko Espainiako Itzulian egin zioten dopin kontrol batean gehiegizko salbutamol maila detektatu zioten Chris Froome txirrindulariari, eta kirolariak giltzurrunetako disfuntzio bat pairatu zuela argudiatu du horren abokatuak, L'Équipe egunkariak astearte honetan jakitera eman duenez.

Froomek kontratatu duen abokatuak, Mike Morgan britainiarrak, hots, klenbuterol auzian Alberto Contador defendatu zuenak, zientzialari talde bat bildu du argudio horri sinesgarritasuna emateko.

Horien arabera, organismoak metabolizatu egiten du salbutamola (asma dutenek hartzen duten Ventolin botikaren printzipio aktiboa), eta gibelera pasatzen da. Prozesu horren ostean, giltzurrunak izaten dira gorputzetik kanporatzeko arduradunak, txizaren bitartez.

Frantziako Tourra lau aldiz irabazi duen Froomen defentsaren aburuz, 2017ko Espainiako Itzuliko irabazleak giltzurrunetako disfuntzio bat pairatu zuen, eta, ondorioz, salbutamola hainbat egunez metatu zen organismoaren barruan, kontrola egin zioten egunean (18. etapa amaitu eta gero) kanporatu zuen arte. Horrek azalduko luke txirrindulariari egindako analisian aurkitu zioten salbutamol maila altua (2.000 nanogramo mililitro bakoitzeko), Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (AMA) baimentzen duenaren bikoitza.

L'Équipe egunkariaren esanetan, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) dagoeneko kontratatu du giltzurrunetako gaien gaineko aditu bat Froomen abokatuaren defentsari aurre egiteko.

Albisteak (4)