2011. urtean
Bartaluccik baieztatu duenez, Skyk zain barneko injekzioak erabili zituen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mediku italiarra hogei urtez ibili zen txirrindulariak mota horretako produktuekin tratatzen, legez kanpoko bihurtu ziren arte.
Fabio Bartalucci mediku italiarrak elkarrizketa batean plazaratu duenez, 2011. urtean, zain barneko injekzioen programa bat jarri zuen martxan Skyk, esfortzuen ostean bere kirolariak indarberritzeko asmoz.
Britainia Handiko Cyclingnews aldizkari berezituak argitaratu duen elkarrizketa batean, baieztatu egin du duela zazpi urte informatzaile batek egindako akusazioa, hots, talde horretako txirrindulariek zain barneko produktuak erabiltzen zituztela zenbait lasterketetan indarberritzeko xedearekin.
Mota horretako programak oso gai arantzatsua dira txirrindularitza profesionalaren munduan, nahiz eta urte luzez erabili izan ziren debekatu zituzten arte.
Bartaluccik 2010. urtearen amaieratik 2012ko udara arte egin zuen lan talde britainiarrean. Aipatu medikua hogei urtez ibili zen txirrindulariak mota horretako produktuekin tratatzen, legez kanpoko bihurtu ziren arte kirol horretan.
"Indarberritzea ez da dopina, substantziak ez daude debekatuta, eta bere izenak adierazten duen bezala, indarberritzen laguntzen dute", defendatu du, ez baitu etikoki desegoki ikusten haiek erabiltzea.
Elkarrizketa berean onartu duenaren arabera, ez du ulertzen zergatik Sky taldeak Chris Froome txirrindulariari Salbutamol dosia areagotu zion, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunari (UCI) Triamcinolone botika erabili ahal izateko erabilera terapeutikorako salbuespen bat eskatu ordez.
Bere aldetik, Skyk ez du ukatu edota baieztatu zain barneko produktuak erabili izana 2011n, baina bozeramaile batek azpimarratu du beti jarraitu dituztela UCIren eta WADAren (Dopinaren Aurkako Mundu Agentzia) eta aktiboki babesten dutela "orratzik gabe politika".