Itxi

SUITZAKO ITZULIA

Colbrelli italiarrak esprintean bereganatu du hirugarren etapa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Sailkapen orokorrean ez da aldaketarik izan eta Kungek jarraitzen du lider.

Colbrelli Gaviriaren eta Saganen aurretik sartu da. Argazkia: EITB

Sonny Colbrelli italiarrak (Bahrain-Merida) bereganatu du astelehen honetan Suitzako Itzuliko hirugarren etapa, esprint luze baten ostean. Txirrindulariek Oberstammheim eta Gansingen lotu behar izan dituzte 182 kilometro izan dituen ibilbidean zehar. Stefan Kung suitzarrak (BMC) lider izaten jarraitzen du.

Colbrellik bigarren eta hirugarren izan diren Fernando Gaviria kolonbiarra (Quick Step) eta Peter Sagan eslovakiarra (Bora) gailendu ditu helmugan, 4 ordu 39 minutu eta 51 segundoko denbora erabilita. Denboraldi honetan Colbrellik lortzen duen bigarren garaipena izan da gaurkoa, Dubaiko Tourrean erdietsitakoaren ostean.

Hirugarren etapak ibilbide gorabeheratsua izan du, azken 60 kilometroetan bost mendate igo behar izan baitituzte txirindulariek. Horrez gain, eguraldi euritsua izan da, eta horrek are gehiago zaildu du etapa.

Aurreikusita zegoenez, ihesaldiak bata bestearen atzetik gertatu dira, baina bat bera ere ez da azkenera arte iritsi, liderraren taldeak elastiko horiari eutsi nahi izan baitio, Greg van Avermaetek azken esprintean izan zitzakeen aukerak babesteaz gain.

Alabaina, Colbrelli izan da ausartena helmugara iristear zeudenean. Italiarrak tropeletik salto egin du 250 metroren faltan, eta bere saiakera arrakastatsua izan da, Gaviriaren eta Saganen eginahalen aurrean.

Kung tropel nagusiarekin sartu da, eta lider jarraitzen du, Van Avermaet taldekideari hiru segundoko aldea aterata.

Astearte honetan, 189,2 kilometro dituen laugarren etapa jokatuko dute txirrindulariek, Gansingen eta Gstaad artean.

Albisteak (2)