AURRE-ZERRENDA
Landa, Fraile, Valverde eta Van Avermaet, Donostiako Klasikoko aurre-zerrendan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antolatzaileek lasterketaren 38. ekitaldian izango diren parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda eman dute jakitera.
Abuztuaren 4an, behin Frantziako Tourra bukatuta, lehiatuko den Donostiako Klasikoko antolatzaileek lasterketan izango diren txirrindularien behin-behineko zerrenda eman dute jakitera astelehen honetan. Besteak beste, Mikel Landa, Omar Fraile, Alejandro Valverde edota Van Avermaet izango dira bertan. Aitzitik, egongo ez dena Chris Froome britainiarra izango da.
Tourra ondo amaituz gero, Valverde proba irabazteko faboritoen artean egongo da berriro ere. Izan ere, 2008an eta 2014an garaipena lortutakoa da, beste behin bigarren postuan sailkatu zen eta hirutan heldu da hirugarren tokian Donostiako helmugara.
Klasikoan jarduteko prest agertu diren txirrindularien behin-behineko zerrendan, honako beste hauek ere azaltzen dira: Greg Van Avermaet (BMC), aurtengo Tourrean elastiko horia hainbat egunez jantzi duena; Omar Fraile santurtziarra (Astana), Tourrean etapa bat irabazi berri duena; eta Simon Gerrans (BMC).
Beste parte-hartzaile entzutetsu batzuk 2013ko irabazle eta joan zen urtean bigarren egin zuen Tony Gallopin (AG2R Mondiale) eta Tourrean indartsu dabilen Julian Alaphilippe (Quick Step) izango dira.