Donostiako Klasikoa
Alaphilippe, Roglic, Van Avermaet eta Landa, Donostiako Klasikorako faboritoen artean
eitb.eus
Gorka eta Jon Izagirre ere San Sebastian Region Klasikoan izango dira, larunbatean. Zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek.
Frantziako Tourraren ostean, tropeleko izen handiak Donostiako Klasikoak izango dira, larunbatean. Zuzenean emango dute, 15:00etatik aurrera, ETB1ek eta eitb.eus-ek.
Primoz Roglicek (Lotto NL-Jumbo) aurkari gogorra dela erakutsi du Frantziako lasterketan. Podiumaren ateetan geratu da. Donostiako Klasikoaren ibilbidea alde dauka esloveniarrak, eta UCI World Tourreko sailkapen nagusiak motibatzen du. Aurten Romandiako Itzulia eta Euskal Herriko Itzulia irabazi ditu.
Julian Alaphilippe (Quick-Step Floors) ere sasoi onean dator Frantziatik. Tourrean bi etapa irabazi ditu.
Bauke Mollemak (Trek-Segafredo) eta Tony Gallopinek (Ag2r La Mondiale) badakite zer den Donostian garaipenetik oso gertu egotea. Aurten ere Gipuzkoako errepideetan izango dira. Greg van Avermaet (BMC) eta Egan Bernal (Sky) beste izen garrantzitsuak dira.
Michal Kwiatkowski (Sky), aldiz, ez da Donostian egongo. Iazko edizioaren irabazleak Poloniako Itzulia hautatu du.
Alejandro Valverdek bi aldiz irabazi du, eta beste lau aldiz podiumera igo da, baina azken momentuan ez dute Donostiara eraman. Mikel Landa izango da Movistarreko liderra. Izagirre anaiak (Bahrain-Merida) zerrendako beste euskal izenak dira.
Bero handia aurreikusten da larunbaterako, 30 gradutik gorako tenperaturekin. Horrek dagoeneko gogorra den ibilbidea gogortuko du. 229 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, eta 8 mendate igo. Azkena helmugatik 8 kilometrora dago.