Kargatzen...
Itxi

INNSBRUCK 2018

Dennis da erlojupeko munduko txapeldun berria; Castroviejok seigarren egin du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Australiarra Dumoulinen aurretik geratu da, eta, horrenbestez, ostadar elastikoa kendu dio.

Ezkerretik eskuinera: Tom Dumoulin, Rohan Dennis eta Victor Campenaerts. Argazkia: EFE

Rohan Dennisek irabazi du Innsbrucken (Austria) jokatu den Txirrindularitzako Munduko Txapelketako erlojuaren kontrako proba. Adituek Dennis eta Tom Dumoulin jartzen zituzten faborito nagusi gisa, eta aurreikuspenak bete egin dira, eurak lortu baitituzte lehen eta bigarren postuak. Horrenbestez, australiarrak ostadar elastikoa kendu dio herbeheretarrari. Bere aldetik, Jonathan Castroviejo bizkaitarra seigarren postuan sailkatu da.

Dennisek izugarrizko lasterketa bete du 52,5 kilometroko ibilbide zailean zehar. Probaren erdian (30. kilometroan) % 7ko batez bestekoa zeukan bost kilometroko igoerari aurre egin behar izan diote parte-hartzaileek. Australiarrak 1:03:03ko denbora behar izan du helmugara heltzeko, eta ez du garaipena estu jarri dion inongo areriorik izan (1:21eko aldea atera dio Dumoulini).

Dumoulin, bere aldetik, bigarren postua galtzeko zorian egon da Victor Campenaerts belgikarraren mesedetan, baina, azkenerako, 53 ehuneneko atera dizkio 2017 eta 2018ko Europako Erlojupeko Txapeldunari.

Esan legez, Dumoulinek zein Campenaertsek irabazleak baino minutu bat eta hogeita bat segundo gehiago behar izan dute helmugara ailegatzeko. Dennisek Vasil Kiriyenka (urrea lortu zuen 2015ean) edota Castroviejo (brontzea eskuratu zuen 2016an) bikoiztu ditu bere jardunean zehar.

Castroviejo, seigarren

Castroviejo algortarrak seigarren denborarik onena egin du. Podiumetik minutu bat baino gutxiagora geratu da, eta laugarren eta bosgarren izan diren Michal Kwitakowski poloniarra eta Nelson Oliveira portugaldarra oso gertu izan ditu (13 eta 3 segundo besterik ez dizkiote atera, hurrenez hurren).

Albisteak (3)