ALENTEJOKO ITZULIA
Enrique Sanzek bigarren garaipena lortu eta lider jarraitzen du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarrak esprintean garaitu ditu Alentejoko Itzuliko aurkari guztiak, lehen etapan egin zuen bezala.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Enrique Sanz (Euskadi-Murias) nafarrak Mertola eta Odemira artean (182 kilometro) jokatu den Alentejoko Itzuliko bigarren etapa irabazi du. Horrenbestez, lasterketa horretan lortu duen bigarren garaipena izan da ostegun honetakoa, asteazkenean korritu zen lehen etapan ere bera nagusitu baitzen. Ondorioz, lider izaten jarraitzen du.
Bere atzetik, eta denbora berarekin, Raul Alarcon (Oporto) eta Vicente Garcia (Louletano) txirrindulari espainiarrak sartu dira.
Eguneko protagonistak Ibai Azurmendi (Euskadi Fundazioa) nafarra, Cyrille Thiery (Swiss Racing Academy) suitzarra eta Timothy Rugg (Bai Sicasal Petro Luanda) estatubatuarra. Hasieratik bertatik ekin diote eguneko ihesaldiari, baina helmugarako 23 kilometroren faltan harrapatu ditu tropelak.
Une horretan, Euskadi-Murias eta Oporto taldeak tropelaren buru jarri dira kontrol–lanak egin eta taldea bateratuta hel zedin helmugaraino. Azken metro horietan Enrique Sanz izan da nagusi berriro ere.
Sailkapen nagusiari dagokionez, Sanzek jarraitzen du lehen postuan, eta haren atzetik daude Vicente Garcia eta Luis Mendonça (Boavista) portugaldarra, guztiak denbora berarekin.
Ostiral honetan, hirugarren etapari egin beharko diote aurre txirrindulariek. Santiago do Cacem eta Mora herriak lotuko ditu 176,5 kilometroko ibilbideak, eta tartean laugarren mailako bi mendate igo beharko dituzte.