Itxi

Milan-San Remo

Alaphilippe, Classicissimako irabazlea

Erredakzioa

Leer en Castellano

Deceuninck Quick Step taldeko txirrindularia nagusitu da Milan-San Remo klasikoan. Oliver Naesen (AG2R) izan da bigarren, eta Michal Kwiatkowski (Sky), hirugarren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Julian Alaphilippek (Deceuninck Quick Step) irabazi du Milan-San Remo klasikoa, 291 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrena izan ostean. Strade Biancheko garaileak eta Tirreno-Adriatikoan bi etapa irabazi dituen txirrindulari frantziarrak, beste garaipen handi bat eskuratu du.

Tropelaren aurretik metro batzuetako abantailarekin iritsi da zortzi txirrindularik osatutako multzo bat, eta esprintean erabaki da irabazlea. Alaphilippe izan da onena, Oliver Naesen (AG2R) izan da bigarren, eta Michal Kwiatkowski (Sky) hirugarren. Laugarren postuan amaitu du Peter Saganek (BORA), Alejandro Valverde (Movistar) zazpigarren izan da, eta Vincenzo Nibali (Bahrain) zortzigarren.

'Classicissima' izenarekin ezaguna den Milan-San Remo lasterketan 175 txirrindularik hartu dute parte, eta lehen kilometroetan sortu da eguneko ihesaldia, hamar txirrindularik tropeletik ihes egin ondoren. Hala ere, ez du asko iraun ihesaldiak. Behin tropelak ihesaldiko txirrindulariak harrapatuta Fausto Masnada (Androni Giocattoli) geratu da lasterketaren buruan, baina 'Capi' igota amaitu da Masnadren saiakera.

Cipressa jaisten hasi direnean erasoa jo du Niccolo Bonifaziok (Direct Energie), baina tropelaren buruan Alaphilippe, Valverde, Fernando Gaviria (UAE), Greg Van Avermaet (CCC), Nibali (Bahrain) eta Tom Dumoulin (Sunweb) jarri dira lanean, eta Bonifaziok etsi egin behar izan du.

Azken kilometrora zortzi txirrindularik osatutako taldetxoa iritsi da, tropelarekiko abantaila hartuta. Bertan izan dira, Alaphilippe, Mohoric, Valverde, Nibali, Sagan, Naesen, Van Aert eta Kwiatkowski, eta euren artean jokatu dute etapa garaipena. Esprintean nagusi izan da Julian Alaphilippe. Naesenek (bigarren) eta Kwiatkowskik (hirugarren) osatu dute podiuma. Sagan laugarren izan da, Valverdek zazpigarren amaitu du, eta, Nibalik zortzigarren.

Sasoiko dela erakutsi du Julian Alaphilippek, Milan-San Remo irabazita. Gainera, beste garaipen bat eman dio Deceuninck Quick Step taldeari.

Albisteak (3)

Bideoak (1)