Coppi eta Bartali lasterketa
Garaipenaren bidera itzuli da Landa Italian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Coppi eta Bartali lasterketako bigarren etapa irabazi du, eta laugarrena da sailkapen nagusian, liderrarengandik 22 segundora.
Mikel Landa (Movistar) txirrindulariak denboraldi honetako lehen garaipena lortu du ostegun honetan, Coppi eta Bartali lasterketako bigarren etapan nagusitu baita. Arabarra sailkapeneko laugarren postura igo da, eta Lucas Hamilton (Mitchelton-Scott) liderrarengandik 22 segundora dago orain.
Murgiarrak lepauztaia hautsi zuen Mallorcako Challengean, urteko bere lehenengo lasterketan, eta igandean ekin zion berriz ere lehiari Milan-San Remo klasikoan. Egun batzuk geroago, onenen artean egoteaz gain, irabaztea ere lortu du, bere azken garaipenetik urtebete igaro ostean. Azken arrakasta joan zen denboraldiko Tirreno-Adriaticon erdietsi zuen.
Landak Hamilton australiarra azpiratu du zirraraz beteriko amaieran. Etapako lehen zatian tropelak ihesaldia egon zedila baimendu du, baina bertan behera geratu da helmugara heltzeko 22 kilometro falta zirenean. Hortik aurrera etengabeak izan dira erasoaldiak.
Movistarreko buruak Tiffi mendatean (4,5 km, % 7,5ko batezbestekoarekin) egin du ihes, eta bere atzetik Hamilton abiatu da.
Landa eta Hamilton 40 segundoko abantailarekin igaro dira mendate gainetik, Dayer Quintana (Neri Sottoli-Selle Italia) atzetik zutela. Alabaina, Nairoren anaia bost kilometroren faltan harrapatu dute.
Azkenerako, Landa eta Hamilton izan dira nor baino nor gehiago etaparen lehian, eta murgiarrak denboraldiko seigarren garaipena eman dio bere taldeari.
Lasterketa amaitzeko oraindik mendi ertaineko bi etapa geratzen dira, ostiralean eta igandean korrituko direnak.