Itxi

83. ekitaldia

Alaphilippe eta Van der Breggen, berriro garaile Fleche Wallone klasikoan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Frantziarrarentzat bere bigarren garaipena da; herbeheretarrarentzat, berriz, bosgarrena.

Julian Alaphilippe Jacob Fuglsangen aurretik sartu da. Argazkia: EFE

Julian Alaphilippek (Deceuninck - Quick Step) irabazi du 2019ko Fleche Wallone klasikoa, Huyko aldapan erakustaldia emanda. Frantziarraren bigarren garaipena da Belgikako proban, joan zen urtean ere bera nagusitu baitzen.

Alaphilippe denboraldi aparta ari da gauzatzen, aurretik ere hainbat probatan gailendu baita aurten, tartean Strade Bianche edota Milan-San Remo lasterketa entzutetsuetan.

26 urteko txirrindulariak nagusitasunez azpiratu du Jakob Fuglsang daniarra, nahiz eta Astanakoa izan den Huyn gora lehen erasoa jo duena. Horren aurrean, Alaphilippek nahiago izan du itxaron eta Fuglsangek zabaldutako zuloa gutxika-gutxika murrizten joan.

Hala, amaieratik 100 metrora frantziarraren txanda heldu da. Abiadura bizkortu du, eta ez dio daniarrari berriro erantzuteko abagunerik eman; ondorioz, irabazle sartu da helmugan, lasterketaren 83. edizioan. Bi horien atzetik iritsi da Diego Ulissi italiarra (UAE Team Emirates), sei segundoko atzerapenarekin.


Van der Breggenen bosgarrena

Anna Van der Breggen.

Emakumezkoen kategorian, Anna van der Breggen herbeheretarra (Boels - Dolmans) nagusitu da beste behin; izan ere, bosgarren aldia da Ardenetako proba eskuratzen duena. Balentria hori beste bi txirrindularik besterik ez dute erdietsi orain arte: Alejandro Valverdek, gizonezkoetan (2006, 2014, 2015, 2016 eta 2017an) eta Marianne Vosek, emakumezkoetan (2007, 2008, 2009, 2011 eta 2013an). Aitzitik, Van der Breggenen kasuan, garaipenak elkarren segidan heldu dira.

Irabazlearengandik segundo bakarrera Annemiek van Vleuten bere herrikidea iritsi da, 2015ean gertatu legez.


Albisteak (4)