Binck Bank Tourra
Bennettek bigarren etapa irabazi du jarraian eta lidertza sendotu du
Agentziak | Erredakzioa
Borako txirrindularia izan da esprinteko indartsuena berriro, eta haren atzetik sartu dira Philipsen belgikarra (Emirates) eta Groenewegen herbeheretarra (Jumbo).
Sam Bennett (Bora-Hansgrohe) txirrindularia nagusitu da Beneluxko Itzuliaren 15. edizioko bigarren etapan.
Lehendabiziko etapan bezala, irlandarra izan da azkarrena Blankenberge eta Ardooie artean jokatu den bigarrenean, 169,1 kilometroko etapan. Atzetik helmugaratu dira Jasper Philipsen belgikarra (UAE Team Emirates) eta Dylan Groenewegen herbeheretarra (Team Jumbo-Visma).
Horrenbestez, Bennettek sendotu egin du sailkapeneko lehen postua, eta CCC Team taldeko bi txirrindulari ditu atzetik: Lukasz Wisniowski poloniarra eta Josef Cerny txekiarra (12 eta 13 segundoko atzerapena dute, hurrenez hurren).
Asteazken honetan, aurtengo edizioan Binck Bank Tour izena hartu duen lasterketaren hirugarren etapa, 166,9 kilometrokoa, korrituko da, Aalter herrian hasi eta bukatuko dena, hain zuzen ere.