5. etapa
Madrazok irabazi du Javalambren eta Miguel Angel Lopezek lidertza berreskuratu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Burgos-BHko txirrindularia bakarrik heldu da helmugara egun osoan zehar beste bi kiderekin ihes eginda egon ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Angel Madrazo (Burgos BH) kantabriarrak bereganatu du L'Eliana eta Javalambreko Behatoki Astrofisikoaren artean jokatu den Espainiako Itzuliko bosgarren etapa (170,7 km). Lasterketako lehen eguna izan da mendate batean bukatzen dena, eta Miguel Angel "Superman" Lopez (Astana) kolonbiarrak lidertza berreskuratzeko baliatu du.
Madrazo bera bakarrik heldu da helmugara, jardunaldi osoan zehar beste bi iheskiderekin alde eginda ibili eta gero. Horietako bat bere taldekidea den Jetse Bol (Burgos BH) izan da, etapan bigarren egin duena. Herbeheretarra irabazlearengandik 10 segundora iritsi da, eta haren atzetik sartu da hirukoteko azken kidea —Jose Herrada (Cofidis)—, 22 segundora.
Faboritoen artean, Miguel Angel Lopez nabarmendu da. Helmugara iristeko 3 kilometroren faltan atzean utzi ditu aurkari zuzenak. Azkenerako, 12 segundoko tartea atera die Primoz Roglic (Jumbo-Visma) esloveniarrari eta Alejandro Valverde (Movistar) murtziarrari. Nairo Quintana bere herrikideak baino 54 segundo gehiago behar izan ditu etapa bukatzeko.
Sailkapen nagusian, Lopezek liderraren elastiko gorria berreskuratu du. Une honetan 14 segundoko tartea ateratzen dio bigarren den Roglici. Hirugarren tokian Quintana azaltzen da, 23 segundoko atzerapenarekin. Alejandro Valverde laugarrena da, 28 segundora. Aurreko liderrari dagokionez, bosgarren tokira jaitsi da Nicolas Roche (Sunweb) irlandarra.
Ostegun honetan, seigarren etapa jokatuko da, Mora de Rubielos eta Ares del Maestrat artean (198,9 km).