Itxi

2019ko Vueltako 13. etapa

Pogacarrek irabazi du Los Machucos gainean eta Roglicek aldea areagotu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Esloveniar biak izan dira indartsuenak azken igoeran. Valverdek eta Quintanak 27 segundo galdu dituzte, eta 'Superman' Lopezek, 1:01.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Tadej Pogacar (UAE Emirates) esloveniarra gailendu da Espainiako Itzuliko 13. etapan, Bilbotik atera eta Los Machucos (Kantabria) gainean amaitu dena (166,4 km). Haren atzetik sartu da Primoz Roglic (Jumbo Visma) herrikidea, eta, hartara, liderraren elastiko gorria sendotu du aurkariei denbora sartuta.

Esloveniar bien atzetik sartu dira Pierre Latour (Ag2r) frantziarra, Alejandro Valverde espainiarra, Nairo Quintana (Movistar) kolonbiarra eta Rafal Majka (Bora) poloniarra, guztiak 27 segundoko atzerapenarekin. Miguel Angel "Superman" Lopezek, bere aldetik, 1:01eko galera izan du helmugan.

Astana taldea izan da tropelaren erritmo bizitu duena azken igoerara iritsi aurretik, eta, ondorioz, eguneko ihesaldiaren aukerak murrizten joan dira apurka-apurka. Astanakoek Lopezen jardun ona espero zuten; aitzitik, euren taldeburuaren indarrak itota geratu dira Los Machucoseko aldapa gogorretan.

Hasiera batean indartsu agertu dena Quintana izan da, baina bere erasoaldiak ez du tarterik zabaltzeko gaitasunik izan.

Geroago iritsi da Esloveniako bikotearen txanda. Valverde haien atzetik joaten ahalegindu da, baina antzu. Pogacarrek gogotsu hasi da tiratzen, eta Roglicek behar zituen erreleboak eskaini dizkio helmugan agerikoa zena gerta zedin: garaipena Etorkizuneko Tourreko irabazlearentzat eta lidergoaren sendotzea Jumboko kidearentzat.

Sailkapen nagusian, Roglicek 2:25eko tartea zabaldu du Valverderekiko. Pogacarrek hirugarren tokira egin du jauzi, eta 3:01era dago. Atzerago daude Quintana eta Lopez kolonbiarrak, 3:18ra eta 3:33ra, hurrenez hurren.

Larunbat honetan, lasterketako 14. etapa korrituko dute txirrindulariek, San Vicente de la Barquera eta Oviedo artean (188 km).

Albisteak (5)

Bideoak (1)