Itxi

Espainiako Itzulia

Kolonbiarrak, etapa garaipenekin, lidertzekin, baina podiumetik kanpo

Andoni B.E.

Leer en Castellano

Miguel Angel Lopezek eta Nairo Quintanak liderraren elastikoa jantzi dute behin baino gehiagotan. Higuitak eta Nairok etapa garaipen bana erdietsi dute.

Nairo Quintana eta 'Superman' Lopez, Valverderekin eta Roglicekin, Vueltan. Argazkia: EFE

Amaitu da 2019ko Vuelta, eta txirrindulari kolonbiarrak protagonista izan dira, podiumean sartu ez diren arren. Hala ere, lau kolonbiar sartu dira sailkapen nagusiko lehen 20 postuetan.

Astanak taldekako erlojupekoan lortutako garaipenarekin hasi zen Espainiako Itzulia. Ondorioz, Miguel Angel Lopez izan zen 74. edizioko lehen liderra. Hala ere, 'Superman' Lopezek ezin izan zion lidertzari eutsi bigarren etapan, baina Nairo Quintanak lortu zuen etapa garaipena. Nicolas Roche jarri zen sailkapen nagusiko lehen postuan.

Liderraren elastiko gorriak kolonbiar zaporea hartu zuen bosgarren etapan. Madrazo espainiarrak lortu zuen garaipena, eta Miguel Angel Lopezek jantzi zuen liderraren maillota. Hurrengo etapan, seigarrenean, Dylan Teunsek lapurtu zion lidertza, baina 'Superman' Lopezek lehen postua berreskuratu zuen zazpigarren etapan, garaipena Alejandro Valverdek lortu zuelarik.

Bederatzigarren etapan galdu zuen maillot gorria Miguel Angel Lopezek, baina liderraren elastikoa kolonbiarren esku geratu zen, Nairo Quintanak jantzi baitzuen, Tadej Pogacarrek etapa garaipena lortu ostean.

Hamargarren etapan, ordea, banakako erlojupekoa heldu zen, eta egun zaila eta gogorra izan zen txirrindulari kolonbiarrentzat. Primoz Roglicek erakustaldia eman zuen garaipena lortuta, eta Vuelta irabazteko aukerarik gabe utzi zuen Nairo Quintana, hiru minutu galdu baitzituen. 'Superman' Lopezek ere bi minutu galdu zituen lider jarri zen Roglicekiko.

Hamazazpigarren etapari, liderrarekiko zazpi minutu baino gehiagora ekin zion Nairo Quintanak, sailkapen nagusiko hirugarren postutik urrun, baina etapako ihesaldian sartu zen, eta bost minutu berreskuratu zituen Vuelta irabazteko faboritoekiko. Horrela, Quintana sailkapen nagusiko bigarren postuan kokatu zen Roglicengandik 2'24"ra, eta hirugarren zen Valverderekiko 24 segundoko abantaila zuen. Gainera, Quintanak 1'18"ko abantaila zuen Pogacarrekiko (laugarren) eta 1'45"ekoa Miguel Angel Lopezekiko (bosgarren).

Irailaren 12an etorri zen txirrindularitza kolonbiarraren bigarren etapa garaipena. Sergio Higuitak 18. etapa irabaztea lortu zuen. Nairo Quintanak sailkapen nagusiko bigarren postua galdu zuen, eta hirugarren tokira jaitsi zen, Alejandro Valverderen mesedetan. Quintana lehen postutik 3'31"ra kokatu zen, Valverdek 41 segundo ateratzen zizkiolarik. Miguel Angel Lopez laugarren postuan zegoen, Nairorekiko 46 segundora. Quintanak 1'18"ko abantaila zeukan bosgarren postuan zen Pogacarrekiko.

Azken-aurreko etapa iritsi zen, hogeigarrena. Kolonbiak bi aukera zituen txirrindulariren bat podiumean sartzeko, Nairo Quintanarekin eta 'Superman' Lopezekin. Hala ere, Tadej Pogacar izan zen arriskatu zuena, eta faboritoetako inor ez zen gai izan esloveniarraren erritmoari eusteko. Gauzak horrela, Pogacarrek 20. etapa irabazi zuen, sailkapen nagusiko hirugarren postua bermatu zuen, eta podiumetik at utzi zituen Nairo Quintana eta Miguel Angel Lopez.

Vueltaren amaieran, lau kolonbiar sartu ziren sailkapen nagusiko lehen hogei postuetan: Nairo Quintanak laugarren postuan amaitu zuen, Miguel Angel Lopez bosgarren izan zen, 14. postua erdietsi zuen Sergio Higuitak, eta Esteban Chaves 19. izan zen. Gainera, Nairo Quintanak taldekako garaipena lortu zuen Movistarrekin.

Albisteak (9)