Valentziako Itzulia, 3. etapa
Bigarren garaipena lortu du Groenewegenek aurtengo edizioan, Torreviejan irabazita
Agentziak | Erredakzioa
Jon Aberasturi (Caja Rural-Seguros RGA) bosgarren izan da helmugan. Sailkapen nagusian, Tadej Pogacarrek lider jarraitzen du eta Ion Izagirre seigarren postuan da.
Dylan Groenewegenek (Jumbo-Visma) irabazi du ostiral honetan Valentziako Itzuliko hirugarren etapa, aurtengo edizioan bigarren garaipena lortuz. Guztira, 174,6 kilometroko ibilbidea egin dute Orihuela eta Torrevieja artean.
26 urteko esprinterrak emaitza onak lortzen ditu lasterketa honetan, azken hiru edizioetan lau etapa irabazi baititu. Aurten ere bera da azkarrena esprinterren artean.
Sailkapen nagusiari dagokionez, Tadej Pogacarrek lider jarraitzen du, larunbateko etapa nagusian gertatzen denaren zain. Etapa horretan, bost mendate igo beharko dituzte, eta hortxe erabakiko da aurtengo irabazlea.