Itxi

Andaluziako Itzuliko 3. etapa

Fuglsangek etapa nagusia irabazi eta lidergoa sendotu du

AGENCIAS | REDACCIÓN

Leer en Castellano

Pello Bilbao (Bahrain) bigarren helmugaratu da, eta hirugarren kokatu da sailkapenean. Mikel Landak bigarren jarraitzen du, liderrarengandik 14 segundora.

Jakob Fuglsang, garaipena ospatzen Pello Bilbaoren aurretik. Argazkia: EFE

Jakob Fuglsang danimarkarrak bereganatu du Jaen eta Ubeda artean korritu den (177 kilometro) Andaluziako Itzuliko hirugarren etapa.

Txirrindulariek gogotsu jardun dute 5 mendate izan dituen lasterketako etapa nagusian. Erasoaldiak etapa abiatu bezain pronto gertatu dira, eta berehala 44 txirrindulariko talde bat osatu da, tartean Jakob Fuglsang liderra eta garaipena lortzeko faboritoak zeudela.

Gerora, 70. kilometroan, hamar txirrindularik egin dute salto, eta azkar asko 1:30eko aldea lortu dute: Floris de Tier, Jimmy Janssens eta Louis Vervaeke (Alpecin), Mikel Bizkarra (Fundazioa-Orbea), Damiano Caruso (Bahrain-McLaren), Lennard Hofstede (Jumbo-Visma), Andrey Zeits ), Silvan Dillier (AG2R La Mondiale), Loïc Vliegen (Wanty Gobert) eta Enric Mas (Movistar) zeuden bertan.

Atzetik, Astana, liderraren taldea, kontrol-lanean aritu da, eta une oro babestu du maillot horia.

Magina lehen mailako mendateak bahe-lana egin du taldean, eta 10etik 6ra pasa da: Floris de Tier, Louis Vervaeke, Jimmy Janssens, Loic Vliegen, Mikel Bizkarra, Enric Mas eta Lannard Hofstede geratu dira aurrealdean.

Baezako mendatea izan da jardunaldiko azken zailtasuna, 8 kilometroko igoera luzea. Astanak eta Caja Ruralek ezarritako erritmoari esker, iheslariek minutu bateko aldea besterik ez dute izan mendate hastapenean.

Mikel Bizkarra eta Enric Mas ihes egiten saiatu dira, eta lasterketa tenkatu dute Baezako sarreran. Taldea bost kiderekin geratu da eta 1:15eko abantailarekin Ubedako helmugarako 8 kilometroren faltan.

Helmugarako hiru kilometro baino geratzen ezi zirenean, Mas ahalegindu da, baina Dylan Teuns (Bahrain McLaren) izan da aurrera jo duena Landari laguntzeko, baina  Fuglsangek (Astana) erantzun egin dio.

Lasterketa hautsita zegoela, garaipena azken kilometro arriskutsuan erabaki da, non bihurgune bat emateko orduan Teunsek egindako akatsa aprobetxatu duen Fuglsangek, Pello Bilbaoren aurretik (Bahrain McLaren) helmugaratzeko. Bi horien ostean, Ion Izagirre (Astana) laugarren izan da, 4 segundora, eta Landa zortzigarren, 8 segundoko galerarekin.

Larunbat honetan, laugarren etapa jokatuko da Villanueva del Mesia eta Granada artean (126 kilometro). Txirrindulariek lehen mailako Purche gainari egin beharko diote aurre helmugara iristeko 18 kilometro faltan.

Albisteak (3)