5. etaparen ostean
Arabiar Emirerri Batuetako Tourra, bertan behera koronabirusagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lasterketan parte hartzen ari diren taldeak, antolakuntzako kideak eta kazetariak hoteletan daude sartuta, probak egin behar baitizkiete.
Arabiar Emirerri Batuetako Tourra, otsailaren 23an hasi eta 29an amaitzekoa zena, bertan behera geratu da, koronabirusa dela-eta, lasterketaren ardura duen RCS enpresak jakitera eman duenez. Enpresa berak antolatzen ditu Italiako Giroa, Tirreno-Adriatico eta Milan-San Remo lasterketak.
19:45 aldera, lasterketan parte hartzen duten taldeek, antolakuntzako kideek eta hedabideetako langileek ohar bat jaso dute hoteletatik irteteko debekua zutela jakinarazteko.
"Abu Dhabiko agintarien aginduz, debekatuta dago hoteletan ostatu hartuta dauden pertsonak bertatik ateratzea". Neurri horrek Yas Marina hotelean dauden talde guztiei eragiten die, baita hotel horretatik 500 bat metrora dagoen Crown hotelean dauden prentsako eta antolakuntzako kideei ere.
Mauro Vegni probako zuzendaria txirrindularien hotelera joan da, zuzendariekin bildu eta egoera zein den azaltzeko. Hortik atera da Arabiar Emirerri Batuetako Tourraren bigarren edizioa bertan behera uzteko erabakia, World Tourreko bakarra Ekialde Hurbilean.
Agintarien arabera, bi hoteletan ostatu hartuta dauden pertsona guztiek osasun kontrolak pasatu beharko dituzte balizko infekzioak baztertu, eta, positibo emanez gero, beharrezko protokoloak ezartzeko.
Bosgarren etapa jokatu du ostegun honetan, eta Tadej Pogacar esloveniarra nagusitu da; lider, berriz, Adam Yates ingelesa dago.
Bi positibo baieztatu dituzte
Etenaldiaren berri izan ostean, Abu Dhabiko Kirol Kontseiluak ohar bidez jakinarazi du Italiako bi parte-hartzailek "positibo" eman dutela koronabirusagatik, baina ez dute zehaztu txirrindulariak edo horien ingurukoak diren.
"Lasterketako parte-hartzaile guztien osasuna babesteko hartu da erabakia", adierazi du Kontseiluak, eta "segurtasuna da lehentasun nagusia", gaineratu du.
Bien bitartean, Osasun eta Prebentzio Ministerioak esan du lasterketako parte-hartzaile guztiei, administrazioko langileei eta antolatzaileei osasun-azterketak egin beharko zaizkiela.
Froome: "Jendearen osasuna guztiaren gainetik dago"
Chris Froome britainiarra (Ineos) atsekabetuta azaldu da lasterketak ez duelako aurrera jarraituko, baina jendearen osasuna "guztiaren gainetik" dagoela nabarmendu du.
"Pena da lasterketa bertan behera uztea, baina garrantzitsuena osasun publikoa da. Proba medikoak egiten ari gara, eta hotelean egongo gara berri gehiago izan arte. Kaltetuak sendatzea espero dut, eta kasu gehiago ez egotea", esan du.
Froome izan da lasterketako interesgune nagusienetakoa, bertan itzuli baita lehiara, 8 hilabete bajan egon ostean, iazko Dauphinen eroriko larria izan ondoren.
It’s a shame that the #UAETour has been cancelled but public health must come first. We are all awaiting testing and will remain at the hotel until further notice. I hope those affected make a speedy recovery and there aren’t any further cases #coronavirus
— Chris Froome (@chrisfroome) 2020(e)ko otsailaren 27(a)
Movistar taldeak baieztatu duenez, taldeko kide guztiak onik daude, Iñigo Elosegui txirrindulari bizkaitarra tartean.
Movistar Team confirma que ha recibido de los organizadores del #UAETour la notificación sobre la cancelación de la prueba. Todos nuestros miembros se encuentran bien y pasarán en las próximas horas en su hotel de Abu Dhabi los pertinentes tests para descartar cualquier afección.
— Movistar Team (@Movistar_Team) 2020(e)ko otsailaren 27(a)
Aipatutakoaz gain, beste euskal txirrindulari hauek ere lasterketan ari ziren parte hartzen: Omar Fraile, Oscar Rodriguez eta Gorka Izagirre, hirurak ere Astana taldekoak, baita Victor de la Parte gasteiztarra ere (CCC Team).