Itxi

EAU Tourra, bertan behera

Txirrindulariak, antolatzaileak eta kazetariak, osasun azterketen zain

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Lasterketan parte hartzen ari diren taldeak, antolakuntzako kideak eta kazetariak hoteletan sartuta daude, ez ateratzeko agindupean.

Txirrindulariak, osteguneko etaparen atarian. Argazkia: EFE

Hamar lagun inguruko mediku talde bat EAU Tourreko parte hartzaileak eta kazetariak dauden hotelean dira jada koronabirusa antzemateko azterketak egiteko.

Parte hartzaileak dauden beste hotelean, Yas Marina hotelea hain zuzen,lanean dira jada, eta orain protokoloa antolatzaileak eta kazetariak dauden hotelean hasiko dute.

Txirrindulariak kezkatuta daude eta jasotako aginduak betetzen ari dira: logeletatik ez irtetea eta agindu berriei itxarotea.

Arabiar Emirerri Batuetako Tourra, otsailaren 23an hasi eta 29an amaitzekoa zena, bertan behera geratu da ostegun honetan, koronabirusa dela-eta, lasterketaren ardura duen RCS enpresak jakitera eman duenez. Enpresa berak antolatzen ditu Italiako Giroa, Tirreno-Adriatico eta Milan-San Remo lasterketak.

19:45 aldera, lasterketan parte hartzen duten taldeek, antolakuntzako kideek eta hedabideetako langileek ohar bat jaso dute hoteletatik irteteko debekua zutela jakinarazteko.

"Abu Dhabiko agintarien aginduz, debekatuta dago hoteletan ostatu hartuta dauden pertsonak bertatik ateratzea". Neurri horrek Yas Marina hotelean dauden talde guztiei eragiten die, baita hotel horretatik 500 bat metrora dagoen Crown hotelean dauden prentsako eta antolakuntzako kideei ere.

Bi positibo baieztatu dituzte

Etenaldiaren berri izan ostean, Abu Dhabiko Kirol Kontseiluak ohar bidez jakinarazi du Italiako bi parte-hartzailek "positibo" eman dutela koronabirusagatik, baina ez dute zehaztu txirrindulariak edo horien ingurukoak diren.

"Lasterketako parte-hartzaile guztien osasuna babesteko hartu da erabakia", adierazi du Kontseiluak, eta "segurtasuna da lehentasun nagusia", gaineratu du.

Bien bitartean, Osasun eta Prebentzio Ministerioak esan du lasterketako parte-hartzaile guztiei, administrazioko langileei eta antolatzaileei osasun-azterketak egin beharko zaizkiela.

Froome: "Jendearen osasuna guztiaren gainetik dago"

Chris Froome britainiarra (Ineos) atsekabetuta azaldu da lasterketak ez duelako aurrera jarraituko, baina jendearen osasuna "guztiaren gainetik" dagoela nabarmendu du.

"Pena da lasterketa bertan behera uztea, baina garrantzitsuena osasun publikoa da. Proba medikoak egiten ari gara, eta hotelean egongo gara berri gehiago izan arte. Kaltetuak sendatzea espero dut, eta kasu gehiago ez egotea", esan du.

Froome izan da lasterketako interesgune nagusienetakoa, bertan itzuli baita lehiara, 8 hilabete bajan egon ostean, iazko Dauphinen eroriko larria izan ondoren.

Movistar taldeak baieztatu duenez, taldeko kide guztiak onik daude, Iñigo Elosegui txirrindulari bizkaitarra tartean.

Aipatutakoaz gain, beste euskal txirrindulari hauek ere lasterketan ari ziren parte hartzen: Omar Fraile, Oscar Rodriguez eta Gorka Izagirre, hirurak ere Astana taldekoak, baita Victor de la Parte gasteiztarra ere (CCC Team).

Albisteak (3)