Itxi

Burgosko Itzulia 2020

Gaviriak esprintean irabazi du Villadiegoko helmugan

Erredakzioa

Jon Aberasturi bosgarren sailkatu da etapan eta sailkapen nagusiko bigarren postuan kokatu da. Felix Grobschartner liderrak 8 segundoko aldea du, euskaldunarekiko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fernando Gaviriak (UAE-Team Emirates) esprintean irabazi du 2020ko Burgosko Itzuliaren bigarren etapa. Arnaud Demare (Groupama - FDJ) frantziarra bigarren izan da, Sam Bennett (Deceuninck - Quick Step) irlandarraren aurretik. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan eta, beraz, Felix Grobschartner (Bora Hansgrohe) austriarrak lehenengo postuan jarraitzen du.

Euskal txirrindularien artean, Jon Aberasturi (Caja Rural), bigarren, eta Mikel Aristi (Euskaltel Euskadi), hamargarren, onenak izan dira. Horrenbestez, Caja Ruraleko txirrindularia sailkapen nagusiko bigarren postuan kokatu da.

Etapa hastear zegoela, UAE Team Emirates taldeko Sebastian Molano, Camilo Ardina eta Cristian Muñoz txirrindulari kolonbiarrek etapan parte hartuko ez zutela adierazi dute antolatzaileek. Dirudienez, osasun neurriak direla eta, hotelean geratu dira bakanduta COVID-19an positibo emandako pertsona batekin kontaktuan egon eta gero.

Hori horrela, inork ez zuen taldearen garaipena espero. Hala ere, Fernando Gaviria nagusitasunez inposatu da helmugako esprintean.

Etapako ihesaldia helmugarako 25 kilometroren faltan bertan behar utzi du pelotoiak. Horretan, Joel Nicolau (Caja Rural), Angel Fuentes (Burgos BH), Alessandro Fedeli (Nippo Delko Provence), Riccardo Verza (Kometa) eta Francisco Galvan (Kern Pharma) izan dira.

Horrenbestez, Fernando Gaviriak irabazi du bigarren etapa eta Felix Grobschartner austriarrak sailkapen nagusiko lehenengo postuan darraio. Ostegunean, 2020ko Burgosko Itzuliaren hirugarren etapa izango du. Horretan, Picon Blanco maila bereziko mendatea igo beharko dute txirrindulariek, etapa amaieran. Etapa osoa zuzenean, 15:00etatik aurrera, ETB1n eta eitb.eus-en.

Albisteak (2)

Bideoak (6)