Itxi

Tirreno-Adriatikoa 2020

Tim Merlier nagusitu da esprintean; Yatesek lidergoari eutsi dio

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Belgikako txapeldunak irabazi du Tirreno-Adriatikoko 6. etapa. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan. Simon Yatesek lehen postuan jarraitzen du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Tim Merlier belgikarrak (Alpecin Fenix), bere herrialdeko txapeldunak, esprintean irabazi du Tirreno-Adriatikoko seigarren etapa, Castelfidardo eta Senigallia artean (171 km) jokatu dena. Sailkapen nagusian, Simon Yates britainiarrak (Mitchelton-Scott) jarraitzen du lider.

Hartara, Merlierrek (27 urte) bigarren eta hirugarren postuetan helmugaratu diren Pascal Ackermann (Bora-Hansgrohe) eta Magnus Nielseni (Education First) aurre hartu dien, eta, ondorioz, 2020an lortzen duen bigarren garaipena bereganatu du. Fernando Gaviria (UAE) kolonbiarra laugarren sailkatu da.

Esprintean buka zitekeen azken jardunaldia izan da gaurkoa, eta eguneko ihesaldian bost txirrindularik parte hartu dute: Simon Pellaud (Androni G-Sidermec), Axel Domont (Ag2r La Mondiale), Veljko Stojnic (Vini Zabù-KTM), Andrea Vendrame (Androni Giocattoli-Sidermec) eta Carl Fredrik Hagen (Lotto Soudal).

Alabaina, boskotearen saiakera helmugatik 15 kilometrora amaitu da, eta dena esprintean erabaki da. Bertan, Merlierrek ezustean harrapatu ditu aurkariak, Gaviriaren eta Ackermannen arteko beste lehia bat izatea aurreikusten baitzen. Borako alemaniarrak lasterketako lehen bi etapak irabazi zituen, baina larunbat honetan bigarren postuarekin konformatu behar izan du.

Igande honetan, zazpigarren eta azken-aurreko etapa jokatuko da, Pieve Torina eta Loreto artean, 181 kilometrokoa. Etapa gorabeheratsua izango da, hainbat igoera izango baititu, baina tontor handirik gabe.

Albisteak (4)

Bideoak (1)