Tirreno-Adriatico (7. etapa)
Van der Poel, garaile Loreton; Yatesek lider jarraitzen du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alpecin Fenix taldeko txirrindulariak indar erakustaldia eman du azken igoerako aldapetan, Fabbro (BOH) gainditu eta garaipena lortzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mathieu van der Poel (Alpecin Fenix) herbeheretarrak irabazi du igande honetan Loretoko helmugan amaitu den Tirreno-Adriaticoko zazpigarren etapa (181 kilometro), Matteo Fabbro (BOH) italiarra azken kilometroan ezustean harrapatu eta gero. Sailkapen nagusian, Simon Yates britainiarrak (Mitchelton-Scott) liderraren elastikoarekin jarraitzen du.
Hori bai, Van der Poelen garaipena harrigarri samarra izan da; izan ere, zazpiehun metroren faltan bazirudien garaipenak ez ziola ihes egingo Fabbrori, helmugatik hogei bat kilometrora iheskideak atzean utzi eta gero. Minutu erdiko tartea zabaltzea lortu du, eta Loretoko santutegira daraman azken aldapara itxuraz dena alde zuela iritsi da.
Alabaina, ez du aintzat hartu Van der Poelen indarra. Alpecin taldeko txirrindulariak azken kilometro gogoangarria egin du, eta helmugatik 200 metro eskasera harrapatu du Fabbro, eta baita gainditu eta atzean utzi ere. Azkenean, herbeheretarrak lau segundoko aldea atera dio Ruben Guerreiro (Education First) portugaldarrari, eta hirugarren sartu da Fabbro.
Atzean, tropela hautsita iritsi da, hamar segundora, eta Alex Aranburu (AST) eta Simon Yates liderra sartu dira horren buru, bosgarren eta seigarren postuetan, hurrenez hurren.
Astelehen honetan, lasterketaren zortzigarren eta azken etapa korrituko da, 10,1 kilometroko banakako erlojupekoa, proba honetako irabazlea nor den erabakiko duena.