Itxi

Denboraldia bukatzen ari da

Tropela.net-en sari banaketa ekitaldia, ostiralean Zarautzen

Erredakzioa

Martxoan abiatu zen Tropelaren denboraldia Paris-Niza lasterketarekin batera. Parte hartzaileei dagokienez, marka guztiak hautsi ditu.

Frantziako Tourreko podiuma. Argazkia: EFE

Txirrindularitza denboraldia bukatzen ari den honetan, Tropela Elkarteak sari banaketa ekitaldia egingo du ostiralean, hilaren 7an, Zarauzko Merkatu Plazan, Torre Luzearen aurrean, 18:30ean.

Martxoan abiatu zen Tropelaren denboraldia Paris-Niza lasterketarekin batera. Handik hona, Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea, Italiako Giroa, Dauphine Libere, Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketan beren kinielak egin ahal izan dituzte Tropela.net-eko zaleek.

Ziklismoaz gozatu ahal izan dute, euskaraz. Parte hartzaileei dagokienez, marka guztiak hautsi ditu Tropelak.

Frantziako Tourrean izan dira kiniela gehien: 12.739. iPad 2a, iPod Touchak, mendi bizikletak, otarreak, kirol arropa, otorduak… Hamaika sari banatuko ditu Tropelak finen ibilitakoen artean.

Ostiralean Zarautzen, saritu guztiez gain, zenbait txirrindulari profesional izango dira, tartean, Koldo Fernandez de Larrea. Sari banaketa ekitaldiaren ostean, mokadutxoa jan ahal izango dute bertara joaten diren guztiek.