VII. ekitaldia
Chantal Blaak herbeheretarrak bereganatu du Strade Bianche lasterketa
A. A. | EITB MEDIA
Elisa Longo Borghini italiarrari (Trek) gailendu zaio azken igoeran.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Chantal Blaak herbeheretarra (SD Worx) nagusitu da Strade Bianche lasterketaren VII. edizioan, emakumezkoen World Tourreko 136 kilometroko proban (horietatik 32 lurreko pistetan), Sienan hasi eta amaitu dena, Elisa Longo Borghini (Trek) Italiako txapeldunarekin lehian ibili ostean.
Blaak (Rotterdam, 31 urte) izan da indartsuena lasterketako une erabakigarrian; izan ere, atzean utzi du bere aurkari italiarra Sienako Zelaiko plazara zeraman Via Santa Caterinako azken igoeran, eta helmugan 7 segundoko tartea atera dio.
Hirugarren postua beste herbeheretar batentzat izan da, Anna Van der Breggen, irabazlearen taldekidea eta errepideko eta erlojupeko munduko txapelduna. Herbeheretarren nagusitasunaren beste adierazgarri bat Annemiek Van Vleutenen (Movistar) laugarren tokia izan da. Joan zen urteko ekitaldia bereganatu zuenak irabazleak baino 11 segundo gehiago behar izan ditu gaurkoan.
Lasterketa hasieratik animatuta egon da, lehenik Elena Pirrone (Valcar) 22 urteko gazte italiarraren ihesaldiarekin eta ondoren Lotte Kopecky belgikarraren eta Niamh Fisher-Black zeelandaberritarraren saiakerekin, baina amaierarako 40 kilometroren faltan harrapatu ditu tropelak.
Azken 20 kilometroek erabaki dute lasterketa, orduantxe hasi baita faboritoen arteko norgehiagoka. Pistako zortzigarren sektorean, helmugatik 12 kilometrora, erasora jo dute Van Vleutenek eta Marienne Vosek, munduko bi txapeldunak.
Aitzitik, amaieratik 5,5 kilometrora izan da Longo Borghini Italiako txapeldunak erabakigarria izan den eraso-kolpea jo duen unea, Blaakek baino ezin izan baitio erantzun. Biek tartea ireki dute, segundo apur batzuk izan badira ere, talde jazarleak ez baitzuen elkar ulertzen.
Via Santa Caterinako igoeran, % 16rainoko maldekin, Longo Borghinik aurrera egin du Blaak probatzeko; alabaina, herbeheretarrak beste eraso gogor batekin erantzun dio, eta, azkenerako bera izan da besoak gora zituela helmugatik lehen postuan igaro dena.