Klasikoak
Jasper Stuyven belgikarrak ezustean harrapatu ditu faboritoak Milan-Sanremon
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alex Aranburu (Astana) gipuzkoarra zazpigarren helmugaratu da, Caleb Ewan eta Wout van Aert buru izan dituen taldetxoan sartu ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jasper Stuyven (Trek-Segafredo) txirrindulari belgikarrak irabazi du larunbat honetan jokatu den Milan-Sanremo klasikoaren 112. edizioa, txirrindularitzako 'monumentuetako' lehena, 299 kilometro. Belgikarrak ezustean harrapatu ditu 'La Classicissima' lasterketa bereganatzeko faborito nagusiak azken eraso zoragarri batean.
Lovainakoak (28 urte) Poggioko jaitsieran egin du jauzi garaipenerako hautagaien artetik metro batzuk irabazi ditu. Haren jazarpenean gogor saiatu diren arren, Stuyvenek eutsi egin dio, eta bere izena Milango klasikoaren irabazleen artean sartzea lortu du, Wourt van Aert (Jumbo-Visma) bere herrikideari lekukoa hartuta.
Podiuma Caleb Ewan australiarrak (Lotto Soudal) eta Van Aertek berak osatu dute, Peter Sagan (BORA-hansgrohe) eslovakiarrak eta Mathieu van der Poel (Alpecin-Fenix) herbeheretarrak izan dira lasterketako lehen 5 postuetan amaitu dutenak. Haiengandik gertu amaitu du Alex Aranburu gipuzkoarrak (Astana-Premier Tech), zazpigarren tokian.
Historiako hirugarren ekitaldi azkarrenean, esprinterrek nahi zuten bezala joan da lasterketa. Egunean zehar zortzi kideko ihesaldi bat izan den arren, ia hasieratik bertatik eratu dena, Cipressako igoeran harrapatu ditu tropelak, helmugarako 30 kilometro baino gutxiago falta zirenean. Hortik aurrera beste lasterketa bat hasi da.
Ineos Grenadiers tropelaren buru zela, hainbat txirrindulari atzean geratzen hasi dira, eta 6,5 kilometroren falta, hau da, Poggio di Sanremoko igoeran, piztu da azken sua: Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick STEP) erasoa jo du, Van Aertek erantzun dio lehenik, eta Van der Poelek eta gainerakoek ondoren.
Faboritoak elkar zaintzan zebiltzala baliatuta, Stuyvenek erritmoa aldatu eta Via Romako helmugarantz abiatu da bakarka, eta hala igaro du helmugako lerroa, indarrez erabat hustuta.